GARA > Idatzia > Ekonomia

30 urtetan artzainen eta abeltzainen produktuen prezioak ez dira aldatu

Artzainek eta abeltzainek ekoizten dituzten produktuek balio erantsia dute. Izan ere, eta, besteak beste, euren jarduerari esker, izadia eta paisaia zaintzen ekarpen handia egiten dute. Sektoreak biziraun dezan, ordea, errentagarritasuna ezinbestekoa dute.

Amaia ZURUTUZA

Haizeak Aizkorri-Aratzeko eta Aralarreko gailurrak laztantzen dituen bitartean, ardiek, behiek eta zaldiek belarra patxadaz jaten dute larre zabalean. Animaliek, ordea, kasu honetan bederen, artzainak nahiz abeltzainak dituzte atzean, eta, eurei esker, mende luzeetan ingurumenarekiko begirunez jokatuta egin duten jarduerari esker, iraun dute bere horretan gaur egun ditugun paisaiek.

Horiexek dira Eusko Ikaskuntzak «Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturaletarako jardunbide egokiak» izenburupean osatu berri duen gidaren hitzaurrean ageri diren ideietako batzuk. Gure mendietako larreen kudeaketa eta abere taldeen maneiuari buruzko lana osatu du Eusko Ikaskuntzak, besteak beste, gaur egun gizartearen presioak eraginda artzainen eta abeltzainen mundua aldatu egin dela-eta langile horien egoera hobetzeko eta ingurumenaren zaintza eta babesa sustatzeko helburuz. Kontsultarako erreferente izan nahi duen gidan artzainen eta abeltzainen ezagutza tradizionala, haiekin eskuz esku lanean ari diren teknikarien jakintza nahiz artzainek eta abeltzainek euren arazoei aurre egiteko izan litzaketen irtenbide posibleak batu dituzte.

Eusko Ikaskuntzaren lan honek agertzen duenez, gizarteak landa munduari kalitatezko produktuak eskatzeaz gain, ekoizpen lekuaren ingurunea errespetatzea ere eskatzen dio. Sektore honen etorkizuna arriskuan ez jartzeko, ordea, errentagarritasuna lortzea beharrezkoa da. Zentzu honetan, artzainek eta abeltzainek ekoizten dituzten produktuek izadiaren eta paisaiaren kontserbazioa balio erantsitzat dutela goraipatzen du eta kontsumitzaileen artean mezu hau zabaldu behar dela.

Artzaintzarako eremuen hobekuntzarako nahiz mantenurako, baita ustiapenen eta animalien gobernuaren inguruko aholku ugari ematen ditu gidak. Berdin abeltzaintzari dagokionez ere.

Instituzioen jarduna, ez nahikoa

Artzainen eta abeltzainen balorazioak ere bildu ditu Eusko Ikaskuntzak. Larreen kudeaketaren inguruko datuak lortzeko, 157 artzain eta abeltzain elkarrizketatu dituzte. Guztien batez besteko adina 52 urtekoa da. %63 harro agertzen da bere lana baloratzean, baina azken urteotan jasaten ari diren egoera txarra nabarmendu dute, zail egiten baitzaie euren jarduerarekin etekinak ateratzea. Alde horretatik, sinesgaitza dirudien datua ere ematen dute artzainek eta abeltzainek, euren produktuen prezioak duela 30 urte bezala mantentzen direla, alegia. Aitzitik, pentsuen prezioa gero eta gehiago igotzen ari dela salatzen dute.

Hala ere, elkarrizketatuen %53ri beren ondorengoek lanbidean jarraitzea gustatuko litzaieke. Gainerakoek, ostera, egungo egoera ikusita kontrakoa nahiago dute, Eusko Ikaskuntzak adierazi duenez.

Artzainen eta abeltzainen eskaera nagusien artean bidezko prezioak eta bideen hobekuntzak daude. Era berean, instituzioen jarduna aski ez dela uste dute eta artzainen eta abeltzainen iritzia ez dutela kontuan hartzen ere baieztatu dute.

Azkenik, Aralarko eta Aizkorri-Aratzeko 157 artzain eta abeltzainek, guztiek, argi dute larreak animalien bazkatzeari esker daudela zainduak. Animalien atzean, baina, eurak daude, urtetan, belaunaldiz belaunaldi eta ahoz aho, artzaintzaren eta abeltzaintzaren inguruko jakinduria bildu duten gizon-emakumeak. Gaur egun, ordea, parke natural izendapenaren pean, besteak beste, araupean dira larre asko eta asko. Ondorioz, arauek eta planek, baita mendian egiten diren bestelako jarduerek ere, mendizaletasunak, basogintzak nahiz turismoak kasu, artzainekin eta abeltzainekin «bizi» behar dute. Bizikidetza hori sustatzeko ere osatu du Eusko Ikaskuntzak gida berri hau eta nahi duenak www.medikolarreak.net webgunean du ikusgai. Badu lan honek, esaldi batean, oinarrizko mezu bat ere: «Bizitzaren edozein esparrutan, ezagutzen duguna estimatzen dugu, eta estimatzen duguna babesten».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo