Vargas Llosa
Ez dut irakurri. Ez dut irakurriko. Abertzaleen kontra mintzo da aukera duen bakoitzean. Kolonialismoaren aldekoa da, aitortu ez arren (zein hitz itsusia!). Txikiak akabatzeko intelektualen tema betikoa... Txotxongilo fanfarroi horiek! Egileak kalitateagatik epaitu behar direla esaten didate lagun heterodoxoek, eta horrelakoetan zinez pozten naiz ortodoxoa izateagatik: lan bat gutxiago. Bitxia da artistak epaitzeko zein malguak garen. Noir Desire taldeaz akordatu naiz. Bertrand Cantat kantariak Marie Trintignant emaztea erail zuen. Bospasei urte eman ditu giltzapean, eta aske geratu da, justiziaren errukiari esker. Gertakari haien inguruan, zera iritsi zen hona, gugana: kantariak ia nahi gabe akabatu zuela, «erorketa txar baten erruz». Itzalpetik atera orduko hasi zen kontzertuak ematen, harik eta taldeko gitarra jotzaileak, papo esan zuen arte: ezin zuen hipokrisia hori guztia jasan (oraindik gazteek taldearen elastikoak janzten dituzte nonahi). Zer esan, bestetik, Roman Polanski zinemagileaz? Aldekoak eta kontrakoak ditu juduak. Aldekoek ez dute Polanski neskatila bat bortxatu zuela sinesten, edo sinetsi nahi. Artista handiegia omen, bortxatzailea izateko. Eta bortxatzailea balitz ere, «oso aspaldiko» kontuak dira. Baina irudika dezagun Polanski langile soila izan balitz: harrika botako lukete Suitzatik. Etxeari su emango liokete. Bai higuingarria mendebaldarrok artistekin dugun induljentzia! Ez, ez dut Vargas Llosa barkatu nahi. Ona izango da idazle bezala, baina pertsona bezala ez du xentimorik balio.