GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ZUZENEAN ETA PAREZ PARE NAHI DU ZALEAK ARTISTA

Bukatu da Durangoko Euskal Disko eta Liburu Azokaren 45. saioa, kurduak gonbidatu eta gai nagusi erotismoa izan dituena. Gaur balorazioak aditzeko eguna da, argitaletxe eta diskoetxeek aurreikuspenak bete dituzten jakitekoa. Izango da pozik zein burumakur dagoenik, baina euskal sorkuntza ez dago krisian, eta publikoak gertutik ezagutu nahi ditu sortzaileak, zuzen-zuzenean.

p004_f01_211x168.jpg

Anartz BILBAO

Erotismoa gora, erotismoa behera, «Ibiltari b(i)eroek» giltzarrapoa jarri diote Landakoko guneari, eta bukatu zaigu Durangoko Azoka. Bost egun joan zaizkigu bertan gora eta behera, eta etxera joateko ordua helduta, argitaletxeetako arduradun eta langileak kutxak bete eta erakusmahaiak husten diren honetan, Ahotsenea sutan da oraindik ere, Emon taldea «Piztu herria» zuzenean aurkezten ari da-eta, zortziak jota diren arren.

Haurren txokoa Elkartegian izan dugu aurrenekoz, eta Landako atzealdea bere osotasunean Ahotseneako karpak hartu du. Sekulako arrakasta izan dute bertan gauzatu diren zuzeneko aurkezpenek -batez ere musika izan da erakargarri-, eta pozik ziren bertako antolatzaileak.

Ateak ixteko orduan, bost egunez lanean jardun duten teknikarien alde topa egiteko asmoa zuten. Liburu aurkezpenak egin dituen Edorta Jimenezek esan zigunez, «Ahotsenean lanean jo eta su aritu direlako ezin izan dute Landako bisitatu, eta ordainetan artista batzuk liburu eta diskoak oparituko dizkiegu, esker onez». Teknikari horietako bat, zortziak jota zirela, Emon taldea noiz bukatuko zain zen, neke aurpegiz. «Hau ez da inoiz bukatzen», bota zion norbaitek, eta «espero dut baietz» erantzun berak.

Aho batez onartzen denez, Ahotseneako zuzeneko emanaldiek gainera izan dute oihartzunik salmentetan, argitaletxeen esanetan. «Nik bertan ezagutu nuen Seiren taldea orain bi urte», onartu zigun atzo idazle batek, «eta gauza bera gertatu zait aurten Leok-ekin».

Balorazio ofizialak arrakasta nagusiak azaleratzen dizkigu, profesionalen poz eta atsekabeak agerrarazi. Baina lorpen txikiak eta sorpresatxoak ere izaten ditu azokak, sarri ezagutzen ez diren arren. Lagin pare bat ematearren, Bidehuts zigiluak «Txinaurriak» lanaren biniloak agortzea lortu zuen, eta harrituta zeuden. «Egun bakarrean 90 saltzera iritsi omen dira», entzun genion Mikel Laboaren omenezko lanean parte hartu duen musikari bati, eta «ez da harritzekoa» erantzun zuen beste batek, 17 eurotan karpeta bikoitzeko binilo bikoitza opari ederra zelakoan. «Berrargitaratu edo ez ikusten ari dira orain», agurtu gintuzten. Beste horrenbeste lortu du Zea Mays taldeak ere. Bilbotar laukotea «gailurrean» jarri du «Ero» lanak. Hasieran zuzeneko emanaldietan baino ez zuten saldu behar, baina erantzun bikaina jasota Durangon izan dira, Bonbereneak atondutako salmahaian. Lau mila ale autoekoiztu eta hiru milatik gora kontzertuen ostean banatu eta gero, atzo «agortua» txartela eskegitzea lortu zuten.

Literatur lanetan ere, beste horrenbeste, balorazioak egiteko inor ez garen arren. Pamielan Joseba Sarrionandiaren «Moroak gara behelaino artean?» lanak martxa ikaragarria eraman du egunotan, eta aldamenean ziren Susakoak irribarretsu ziren atzo. «Koldo Izagirreren saiakera izango da liburu-dendetan, baina guk genituen guztiak ekarri eta saldu egin ditugu», onartu zigun bertako Gorka Arresek, ondoan Gotzon Barandiaran liburua sinatzen genuela. Azken hau goizetik iluntzera dabil Durangon, eta ondo saldu duen lehen eleberriko eskaintzetan ahalegin guztia jarri du, sinadura bakoitzari orri oso bat emanda.

Lorpen txikiak

Aipatzeke kontu asko utzi ditugu, beste baterako zokoratuak. Bat agertzearren, herenegun, eta San Agustin kulturgunean, Mikel Martinez antzezleak «Larria, Kutsakorra eta mendebaldekoa» antzezlana eman zuen aurrenekoz, eta antzerkigintzako aurpegi asko erakarri zituen bertara, Ander Lipus, Fuchs anaiak, Gilkitxaro antzerki taldea...

Plateruena izan dugu Durangon egunotan beste gune indartsu bat, Gerediagak atondu Azoka osatzera zetorrena, zuzeneko jardun jendetsu eta arrakastatsuenekin. Aurtengo egitaraua betealdiz betealdi burutu dute bertan, eta Landakok ateak itxi ondoren ere, atzo Korrontzi taldearen emankizuna zen bertan gozatzeko, Oinkari dantzariekin bat. Goienkalek ere emango zituen, noski, kontu bat baino gehiagorako goizalde hauetan, eta jakin nahiko genuke zenbat izan ditugun Azoka zapaldu barik ere bertaratutakoak, egunotako giroak erakarrita. Baina... ur handietan sartzen ari gara.

Orain, ea erositakoak entzun eta irakurtzen ditugun. Durangoko Azoka bukatu zaigu, baina gogoratu lagun, liburu- eta disko-dendak zabalik dira urte osoan, eta sortzaileak publikoarengana heltzeko desiratzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo