ANALISIA
Zenbat galdera ditu gaur Azokak?
Anartz Bilbao
Kazetaria
Tapia eta Leturiaren «Aritmetika arazoak» ditugu gaur akorduan. Erakundeek antolatzen dituzten ekitaldietan inkestak egin ohi dituzte, izan duten oihartzuna, erantzun ekonomikoa, parte hartzea eta beste neurtzeko.
Eta, seguruenera, Gerediagak ere egingo ditu bereak. Izan ere, asko dira galderak egunotan, buruan bueltaka ditugunak.
Hasteko, benetakoak ote dira argitaletxeek egunotan izan dituzten salmenta kopuruez diotena? Zintzoak al dira egiten dituzten balorazioak?
Zein garrantzia du benetan Gerediaga elkarteak antolakuntzan, eta Azokak paratzen dituen salmahaien zein ehuneko da Elkar etxearena?
Zenbat dira Landako zapaldu gabe egunetik gauera Durangon gora eta behera dabiltzanak?
Zenbat idazlek ez du urteko musika ekoizpenaren berririk, eta zenbat musikari dira aurtengo liburu bakar bat irakurriko ez dutenak?
Zenbat eta zeintzuk dira irakurri eta entzun gabeko liburu eta diskoak aztertu eta kritikatuko dituztenak, eta horietatik, zenbat dira artista?
Zer nolako harremana dago argitaletxe eta diskoetxe ezberdinen artean, eta nolakoak esaten dizkiote elkarri?
Zenbat dira urte osoan liburu edo disko dendarik zapaldu ez eta Durangotik etxera poltsakada bete liburu eta disko daramatenak? Zenbat aurten erosi dituztenak datorren urtean oraindik ere irakurtzeke edo entzuteke ere izango dituztenak?
Zenbat dira hona ekarri ez eta idazteke utzi ditugun gezurrak, eta nolakoak?
Zenbat... eta zeintzuk?