GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

AHT azkar eraikitzeko lan segurtasuna baztertzen da; polizia segurtasuna ez, ordea

Eskoriatzan atzo Abiadura Handiko Trenaren lanetan hil zen langilea kontuan hartuta, hiru dira dagoeneko azpiegitura hori eraikitzen hil diren pertsonak. Lan istripu baten ondorioz hildako pertsona guztien kasua da salagarria, zalantzarik gabe, baina kasu honek baditu berezitasun batzuk. Izan ere, hiru langile horietatik hirurak ziren atzerritarrak -bata errumaniarra, bestea portugaldarra eta atzokoa ukrainarra- eta guztiek lan egiten zuten azpikontratatuta. AHT azpiegitura publikoa dela gogorarazi behar da hemen. Nekez lortuko da lan istripuen datu ikaragarriak gutxitzea, horiek zelatatzeaz arduratzen diren administrazioek beren lanetan ez badituzte lan osasun eta segurtasun arloan baldintza minimoak betetzen. Estatu arrazoiengatik bai ala bai egin beharreko azpiegitura denez, agintariek inbertsio handia egin dute AHTko lanen segurtasunean. Polizia segurtasunean, esan nahi da, atzoko gertakizunak argi erakusten duenez, lan segurtasunaren ikuspuntutik ez baitute behar bezala jokatu. Berez bideragarria ez den azpiegitura hau egin ahal izateko erabiltzen ari den zentzugabekeriaren sinbolo ere bada atzoko heriotza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo