GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

Durangoz, azokaz, arteaz eta artisautzaz

Ez ote da ekonomiak pertsonaren pertsona izaera krisian sartu duela? Bestela ez da erraz ulertzeko modukoa letren munduaren osasuna zenbakitan neurtzera iritsi izana

Ez dakit nola litekeen, baina urtero-urtero dira onak Durangoko Azokaren ostean liburu eta disko industriak publikoki egiten dituen salmenten inguruko balorazioak. Ez dakiguna da datu horiek posible -edo inposible?- egiten dituzten sortzaileek zer esaten duten, Ahotseneatik pasa ez garenok behintzat. Ez dut uste, hala ere, inor joango zenik iritzi horien eske karpara, entzule-irakurleek beste buruhauste batzuk dituztelako Durangon dabiltzala hain data seinalatuetan. Sinadurak eta argazkiak, adibidez.

Bere lana sinatzen duen egilea, lanaren erosleekin argazkiak ateratzen dituena, artistatzat dugu. Bere lana anonimoki saltzen duena, aldiz, artisautzat. Horren atzean zergatiak mila aurkituko ditugu, baina banago lanaren saltzaileak asko baldintzatzen duela afera. Bitartekariek elikatzen dute izenaren artista izana, sortzaile-saltzaileak bere umiltasuna erabiltzen duen era bertsuan. Handitasun/keriatik zein xumetasunetik, biharko ogia helburu. Artisauak ezin bere buruari artista izaerarik onartu; nork salduko dizkio bestela diskoak? Argitaletxeak idazlea sinatzen behar du, eroslearen eskura; nori salduko dizkio bestela liburuak?

Nire zalantzak ditut orain erosle direnek kulturaren industriak nola funtzionatzen duen jakingo balute, erosle izaten jarraituko ote luketen. Zalantzak ere, idazle zein musikariek ez ote dituzten (ditugun?) beren buruak gutxiesten euren lanak industriari ehuneko hamarraren truke oparitzen dizkiegun momentutik. Eta zalantzak diot. Hain herri txikia, komunikazioa hain erraztua, ez dirudi garai honetako zerbait Zabaltzen-ek (Elkarren banaketa enpresak) duen gutxi gorabeherako monopolioak. Ez dirudi garai honetakoa orain hamabost urte fotokopiak egitea edo kasete bat grabatzea izango litzakeena egiteko atzetik erakunde bat eduki behar izateak. Ez dirudi garai honetakoa herri batek aurrera egin behar eta bere potentzial kultural ia gehiena tailerretan eta bulegoetan galtzen uztea kultura sortzera emana behar zuelarik. Baina horrela daude gauzak Euskal Herrian eta munduan. Gero krisia ekonomikoa da. Ez ote da ekonomiak pertsonaren pertsona izaera krisian sartu duela? Bestela ez da erraz ulertzeko modukoa letren munduaren osasuna zenbakitan neurtzera iritsi izana.

Euskal herrian egiten den musika kalitate onekoa al da? Euskal Herrian egiten den poesiak erraietan eragiten ote du? Egiten da zinerik Euskal Herrian? Ona? Eta euskaraz? Kontsumitzen ote da erosten den kultura? Euskal Herrian zenbat jende dago liburu bat inoiz irakurri ez duena? Zergatik? Erotismoa eta pornografia zerk bereizten ditu, hizkuntzak edo hizkerak? Nire duda kulturalak hauek edo hauen antzekoak dira, eta izan daitezkeela uste dut, aunitzenak. Ez zaigu inporta kultura saltzeari ateratzen zaion etekina, kultura bizirik mantentzea -eta ez kontserbatzea- da inporta zaiguna. Barku berean goazen arren, uste dut ez gaudela denak ekipo berean.

Durangoko Azoka eredu honek zer pentsatua ugari ematen dit. Eta galderak sortzen, galderak, oihartzunik gabeko galderak. Eta beste hainbat, erantzunak diruditenak, baina galderak hala ere, egin ezin direnak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo