GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Jean Claude Aguerre Batasuna

AHT borrokaz garaitu!

Abiadura handiko trenaren makroproiektu hau Euskal Herritik iragan nahi dute erabakitzaileek, autismo osoan eta demokraziaren arauak urratuz. Frantses Estatuak eta Reseaux Ferres de France-k kontzertazioaren denbora agortua dute. Orain, proiektu suntsitzaile honetan interes partikular franko dituzten promotore oro, manipulaziotan eta iruzurretan ari dira.

Konparazione, Fondasol enpresak lurren zundaketak egin ahal izaiteko, Pirinio Atlantikoko prefetaren delibero batek aintzinkusia den trenaren ibilbideko lurren jabegoa herrien eta herritarren kontrolpetik kendu du. Berdin, AHTren proiektuaren zilegitasuna ikerketa aburu baten aldeko emaitza unanime batekin erosi nahi izan du RFFk.

Arrazoinamendu demagogiko orok balio du. Progresoaren eta modernismoaren izenean, Jean Grenet parlamentariak Euskal Herria «indianoen erreserba» («JPB», 2010/11/03) bilakatzearen arriskuaz ohartarazten gaitu. Beti gorago, urrunago, fiteago tesiaren arabera, AHT ezinbestekoa da.

Baina herritarren beharrei ez die erantzuten AHTren baliagarritasunak. Europa liberalaren eta lurralde antolaketa geoestrategiko baten ikuspuntutik planteatua da Arku Atlantikoaren trenbide hau. Eta, 1,5 miliar euroko kostua izan lezakeen xantierak Ipar Euskal Herriko familia bakoitzaren gain 5.000 euroko inbertsioa izan lezake, etorkizuneko belaunaldiei hipoteka izugarria utziz.

Komunikabideen aldetik, peritu independenteen prospekzioek garraioa jasateko gaurko trenbideen ahalmena berretsi dute. RFFk martxan den trenbide sarea teknikoki ahultzen du (bide batzuk izoztuz, zubien berreraikuntzak mugatuz...); juje eta partaide da auzi honetan.

Baxe Nafarroan duela hamarkada bat zabaldu zen 2x2 proiektuaren gai guziak ditu AHTrenak. Konparaketa ez bada maila guzietan egingarri, azpimarratzekoa da ekonomiko, sozialki eta ekologikoki suntsitzaile diren bi makroproiektu horietan klase politiko interesatu bat eta oposizio herritarra barnebiltzen direla borroka hauetan!

Autobidearen kontra mobilizazioaren garaipenak utzi duen ondare nagusia borrokaren bertutea da, hondarreko ospatze bestan LEIAren eledunak goraipatu zuen bezala. Herri dinamikaz, irudimenaz eta determinazioz gelditu da bide «transnafarra», alor instituzionalean, karrikan, ideologikoki, gazte eta langile mailan...

Azkenik, makroproiektu hauek Euskal Herriari begira duten dimentsioa ezin da baztertu. Trenbidearen ibilbide osoan euskal lurretarat hurbiltzean ezagutzen duen oposizioa ikusita, herri honen izaera argiki plazaratzen da. Parisen, Madrilen edota Bruselan hartzen diren deliberoek herri honen izaitea, herritarrek dituzten interesak ez dituzte errespetatzen. Makroproiektu honen bidez jasaiten dugun inposaketak herri erantzuna galdegiten du.

Abenduaren 11ko manifestazioan Baionako karriketan parada dugu abiadura handiko trenbide berriari «ez» erraiteko, eta borroka honetan urrats berri baten emaiteko. Merezi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo