GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lau eta erdiko txapelketako finalerako material aukeraketa

Bakoitzak bere astoari arre

Martinez de Irujok eta Barriolak ez zuten arazorik izan pilotekin; euren jokoan konfiantza osoa dute.

p029_f02_111x111.jpg

Jon ORMAZABAL

Atano III.ean ikusmina handia izan zen arren -ia 200 lagun bildu ziren Donostiako pilotaleku apainduan; eraberritua gehitxo esatea litzateke-, oso ezusteko gutxi eman zuen materiala aukeratzeko atzoko saioak. Ohikoa den bezala, Martinez de Irujok piloten inguruko komentarioak partidaren ondorenerako utzi nahi izan zituen, eta biek ere euren gustukoenak aukeratzen denbora dezente eman bazuten ere -Iberokoak legeak baimendutako ia hamabost minutuak osorik erabili zituen- biak gustura ziren aurkeztutako lotearekin.

Abel Barriolak eman zuen bere aukeraketaren eta erabilitako denbora luzearen inguruko azalpenik. «Lehenengoa berehala aukeratu dut, baina bigarrena asko kostatu zait. Pilotak graziarik gabekoak iruditu zaizkit, azpitik ibiltzen ez direnak. Hala ere, azkenean nahiko gustura amaitu dut». Iberokoak hautatutakoaren inguruan ere kexa gutxi izan zuen Leitzakoak. «Espero bezala, frontisetik gutxiago irteten direnak dira, berak airez jokatu nahi izango du eta».

Estrategiak agerian

Kantxan bezala, kazetarien aurrean ere bakoitzak bere nortasunari eutsi zion, azalpen askoz pausatu eta zabalagoak eman zituen atzelariak eta, biziago eta zuzenagoak, aurrelariak. Hori bai, biek bat egin zuten finalean norbera den bezalakoa izaten saiatuko dela azaltzean.

Martinez de Irujok oso argi dauka ez zaiola partida eta tantoak gehiegi luzatzea komeni eta sarri gehiegi arriskatzeagatik kritikak jasotzen dituen arren, beti bezala jokatuko du. «Hemen arriskatu beharra dago irabazteko, batzuetan sartuko dira eta besteetan ez, baina arriskatu beharra daukat. Piloteoan Barriola oso eroso aritzen da, biok dakigu tantoak amaitzen eta biok saiatu behar dugu».

Ligaxkan sartu ziren lau pilotarietatik desberdinena izan arren, Abel Barriolak itsuki sinistu du bere joko klasikoagoan. Besteen azkartasunaren aurrean, tantoa botera heldu eta unea iristean ondo amaitzen saiatu da, eta finalerako ere horri eustea du buruan. «Ez nau gehiegi arduratzen zeinen aurka ari naizen, arduratzen nauena nire jokoa da, bidea hori delako, barruan daukadan guztia askatu eta frontoian gustura aritzea, lasai aritzea, ausart eta erabakitasunez jokatzea. Horrela arituz gero, badauzkat irabazteko aukerak eta horri eusten diot».

Hori bai, Leitzakoak ez du inondik inora ezkutatzen aurkaria egokitu dakiokeen zailena dela eta gauzak oso ondo egin beharko dituela txapela jantzi nahi badu. «Badakit oso ondo jokatuta ere, galdu egin dezakedala. Baina ziur naiz gaizki jokatuta ez daukadala irabazteko batere aukerarik. Badakit zer egin behar dudan eta horretan saiatuko naiz», adierazi zuen.

Garrantzitsua izango da ideiak argi izatea, azken egunetan aholku asko, gehiegi agian, jasotzen ari baita kalera irteten den bakoitzean. Gauza jakina da Leitzan pilotaz asko dakiela jendeak, horretarako motiboak ere ugari dira, baina bizitzako alor gehienetan bezala, bakoitzak bere erara. Hurbileneko lagunek ere asko dakite pilotaz eta erakutsi dute. Iazko finalean Gonzalez eta Irujo jokatzen ari zirela, honako mezua igorri zioten sakelakora. «Hurrengo urtean zu ariko zara finalean».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo