GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Berri Txarrak-en lau zuzeneko, datozen bost egunetan

Azken hilabeteetan mundu zabalean kontzertuak eskaintzen ibili eta gero, Berri Txarrak Euskal Herrian ikusteko parada ezin hobea izango da datozen egunetan. Elgetako Espaloian, Anoetako gaztetxean eta Bilboko Kafe Antzokian ariko dira zuzenean.

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Azken hilabeteetan Hego Korean, Txinan eta Japonian ibili ondoren, datozen egunetan Berri Txarrak taldeak lau emanaldi eskainiko ditu Euskal Herrian. Bost eguneko epean, lau kontzertu joko ditu hirukoak, guztiak, edukiera ertaineko areto eta gaztetxeetan.

Abuztuan Aitor Goikoetxea taldeko bateria-jotzaileak taldea utzi, eta bere lekua Galder Izagirrek (Dut, Kuraia) hartu eta gero, urrian ekin zion hirukoak berriz ere zuzeneko kontzertuak eskaintzeari. Geroztik, «Payola» diskoa aurkezteko birari heldu diote, eta hogei kontzertu baino gehiago eskaini dituzte tarte honetan. Egunotan, Lekunberrin sorturiko taldea albiste da Gor diskoetxe nafarrak argitaratu berri duen «Denak ez du balio. Singels 1997-2007» CD-DVD lanak argia ikusi duela-eta. Taldearen lehen 15 urteak biltzen dituen bildumak bukatu berri den Durangoko Disko eta Liburu Azokan harrera bikaina izan du eta gehien saldu diren lanen artean kokatu da.

Hala eta guztiz ere, hori ez da taldeak taula gainean eskainiko duen ikuskizunaren isla izango, azken emanaldietako kantu zerrenda berbera errepikatuko baitute zuzeneko kontzertu hauetan. «Payola» azken diskoko kantuak dagoeneko klasiko bilakatu diren kantu esanguratsuekin tartekatuko dituzte, beti ere, taldeak azken urte hauetan aurrera eraman duen aurrera begirako musika garapenean.

Bost egun, lau emanaldi

Gaur, gaueko hamarretan, Elgetako Espaloia Kafe Antzokian abiatuko du taldeak Euskal Herrian barrena egin beharreko kontzertu bira txiki hau. Zuzeneko horietan hiruko nafarra bakarrik igoko da oholtza gainera, nahiz eta Elgetako emanaldian Sarkor izango duen taulan lagun. Gernikako taldeak «Sentimendurik gabe» diskoa aurkezteko baliatuko du gaurko kontzertua.

Anoetako (Gipuzkoa) gaztetxean eskaini behar duten emanaldia ere berezia izango da. Aspaldiko partez, Berri Txarrak gaztetxe txiki batean ikusteko aukera izango da, non taldea gertu-gertutik sentitzeko aukera izango den.

Anoetako gaztetxean eskainiko duten emanaldia Txolarre irratiaren aldekoa izango da. Tximista batek antena bota eta gero, irratiaren emisioa etenda dago egun. Emanaldi honetatik aterako diren etekinak emisioa berrabiatzeko baliatuko da.

Asteburuan eskainiko dituzten kontzertuez gain, beste bi emanaldi hitzartuak ditu taldeak. Abenduaren 13 eta 14an Bilboko Kafe Antzokian ariko da talde nafarra, Kafe Antzokiaren 15. urtemuga ospatzeko antolatu diren ekitaldien barruan. Taldeak Bilbo inguruan dituen zale kopurua kontuan izanda, bi egunetan programatzea erabaki du areto bilbotarrak.

Lau emanaldi horietan, 2.000 lagunek baino gehiagok izango dute orain dela 15 urte Lekunberrin sorturiko taldea zuzenean ikusteko aukera. Bilboko bi emanaldietarako sarrera bakan batzuk salgai diren arren, gehienak amaitu dira leihatila guztietan.

Kanada eta Hego Amerika

Datozen hilabeteetan Kanadan eta Hego Amerikan (Brasil eta Argentina) ariko da taldea kontzertu biran. Horren aurretik ordea, beste bi hitzordu aurreikusi dituzte Euskal Herrirako. Abenduaren 7an Ondarroako Kafe Antzokian ariko dira eta, biharamunean, HatortxuRock elkartasun jaialdiaren 12. edizioan. Atzerrian eskaini beharreko emanaldi horiek esanguratsuak dira zinez. Kanadan, Canada's Largest Music Festival erakus-azoka ezagunean hartuko dute parte martxoaren hasierako egunetan eta Argentinako eta Brasilgo emanaldietan Rise Against talde amerikarrarekin batera eskainiko dituzte emanaldiak.

KONTZERTU BIZIAK

Edukiera ertaineko kafe antzokietan eta Anoetako gaztetxean izango da taldea zuzenean ikusteko aukera. Kontzertu bizi eta sutsuak izango dira, taldea gertu sentitzeko aukera ematen duten horietakoak, eta sarrera ia guztiak salduak dira jada.

Fitxa

Gaur: Elgeta, Espaloia Kafe Antzokia + Sarkor. Sarrerak agortuta.

Bihar: Anoetako gaztetxea. Sarrerak agortuta.

Abenduak 13: Bilbo, Kafe Antzokia.

Abenduak 14: Bilbo, Kafe Antzokia.

Azken sarrerak salgai: www.kafeantzokia.com

webgunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo