GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mitxel Lakunza Familia laguntza zerbitzuaren arduraduna

«Atzegin, etorkizun hobea irudikatzen jarraitu nahi dugu»

1982. urtean boluntario hasi zen Atzegirekin kolaboratzen, ahal zuen denbora adimen urritasuna duten pertsonei bere laguntza eskaintzen. 1987an pauso handiagoak eman zituen elkartearen barnean eta Etxebizitza eta Aisialdi zerbitzuetan hasi zen, duela sei urte Familia Laguntza Zerbitzuaren kargua hartu zuen arte. Ordutik, familiekin harreman zuzenean aritzen da egunero.

 
p017_f02.jpg

Nagore BELASTEGI |

Atzegik, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak, 50 urte bete ditu. Hori ospatzeko, datorren abenduaren 27an familia, kide eta atzegizaleei -adimen urritasuna dutenei eguneroko gorabeheretan laguntzeko konpromisoa hartu eta elkartearekin lankidetzan ari diren norbanakoak- zuzenduriko urteurren jaia egingo dute Kursaalen. Gaur egun Atzegi oso elkarte ezaguna da, baina urte hauetan guztietan dena ez da hain erraza izan.

Nola jaio zen Atzegi?

1960an sortu zen, adimen urritasuna zuten pertsonen familia talde baten eskutik pertsona hauen eskubideak aldarrikatzeko asmoarekin.

Atzegiren helburu nagusiak hiru ziren, egun mantentzen direnak; lehenengoa, bakarrik ez egotea. Toki bat eskaintzea familiei, haien gauzak entzuteko eta ulertzeko prest dagoen jendea ere badela senti dezaten, eta, hala, sentimenduak eta esperientziak elkarri azaldu eta eskubide batzuen alde lan egingo duen talde giroa sortzeko.

Bigarrena, garatzeko eta aurrera egiteko aukerak ematea urritasuna duten pertsonei. Horretarako, pertsona horien autonomia garatzeko zerbitzuak eratzen eta moldatzen dira, sortzen diren beharrak kontuan hartuta.

Eta hirugarrena, gizarteak sentsibilitate bat izatea kolektibo honekiko, eta, hartara, inguru positibo bat sortzea, «atzegizaleagoa», gure gizarteak onartu, balioetsi eta eskubide osoko partaidetzat jotzen dituela sentitzeko bidea izan dezaten Gipuzkoan dauden adimen urriko pertsonek.

50 urte pasatu ostean, nolakoa da gaur egungo egoera?

Atzegiko historian zehar ugariak izan dira sortu diren zerbitzuak, batzuk desagertu egin dira, beste batzuk zeharo aldatu, beste batzuek, aldiz, berdin jarraitzen dute, baina dudarik gabe aldatuko ez dena, familien parte-hartzea eta inplikazioa.

Familiak dira elkartearen motorra. Oraindik ere, helburu berdinengatik lanean jarraitzen dugu, gizarte «atzegizaleago» baten bila. Gipuzkoako gizarteari eskerrak eman behar zaizkio urteetan izan duen jarrera aldaketagatik baina oraindik ere lan handia dago egiteko eta etorkizun hobea imajinatzen jarraitu nahi dugu.

Zaila izan al da aurrera egitea? 

Familiek Atzegi sortu zutenean orduko egoera zeharo larria zen eta hura aldatzeko bildu ziren. Lehenengo momentuak zailenak izan ziren. Ordutik gauzak asko hobetu badira ere, lana ez da amaitu. Hobera jo behar dugula eta horretarako familiak bat eginda jarraitzea ezinbestekoa dela argi dugu.

Gizarteak nola ikusten ditu adimen urritasuna duten pertsonak?

Gizartearen jarrera asko aldatu da, baina oraindik lan asko dago egiteko gizarte «atzegizale» bat lortu nahi badugu. Oraindik ere adimen urritasuna duten pertsonek etengabe frogatu behar dituzte euren gaitasunak, euren mugak baino ez ditugulako kontuan hartzen.

Jendearen laguntza garrantzitsua al da elkartearentzat?

Oso garrantzitsua. Gaur egun, ia 2.800 pertsonek kolaboratzen dute ekonomikoki eta beste 8.800 pertsona baino gehiago dira atzegizale. Beraz, 11.000 pertsona ditugu elkartearekin harremanetan, gure lana ezagutzen dutenak, eta adimen urritasuna duten pertsonekiko jarrera positiboa agertzen dutenak.

Zer egiten dute boluntarioek?

Egun, Atzegin parte hartzen duten boluntarioen profila bi motakoa izan daiteke. Alde batetik, babes fundazioko boluntarioak daude eta, bestetik, aisialdi zerbitzuko boluntarioak. Lehenengoen funtzioak honakoak dira: tutelatutako pertsonekin harreman bat sortzea, dituzten behar afektiboak betetzeko.

Aisialdi zerbitzuko boluntarioek, ordea, adimen urritasuna duten pertsonekin euren denbora libreaz disfrutatzea dute helburu.

Zer egin behar da boluntario izateko?

Laguntzeko gogoa izatearekin nahikoa da, ez da prestakuntzarik behar. Bakoitzak aukeratzen du zein ekintzetan parte hartu eta zenbat denbora eman nahi duen lan horretan. Hala ere, esperientziak erakutsi digu jendeak hasiera batean pentsatu baino denbora gehiago ematen duela boluntario lanean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo