GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

GONTZAL LOPEZ Deustua

Eskaintza urria eta zerbitzu eskasa

Bilboko auzo elkarteen federazioaren kezkarekin bat eginda, EAEko haur eskola publikoen eskaintza urria eta zerbitzu eskasa salatu nahi ditut, baita Haur Eskolen Partzuergoak eta zenbait udalek guraso langileekiko erakusten duten axolagabekeria. Haur eskola publikoek guraso gehienon ordutegi, egutegi eta eskariei bizkarra emanda (baina denon bizkar) funtzionatzen dute. Lekutan dituzte «familiei gizarte laguntza ematea» edo «familia bizitza eta lan bizitza bateratzen laguntzea» sortze helburuak. Halaxe egiaztatu dut alaba Deustuko haur eskolan matrikulatzerakoan. Hasteko, 52.000 biztanle baino gehiago dituen auzoan, aurten 25 toki baino ez dituzte eskaini. 0-2 urte bitarteko ume mordoa utzi dute haurtzaindegi zerbitzu publikotik kanpo. «Gizarte laguntzarik» ez milaka familiarentzat; ordain dezatela zerbitzu pribatua, eska dezatela lanaldi murriztua edo lanpetu ditzatela aitita-amamak. Baina onarturiko ume apurren kasuan ere, bai prezio altuek bai ordutegi eta egutegi gero eta murritzagoek ez dituzte familien beharrizanak kontuan hartzen: hileroko kuotak haurtzaindegi pribatuenak bezain garestiak dira eta bazkaria aparte ordaindu behar da; umeak aurreko urteetan baino lehenago irten behar dira, guraso askoren lanaldia amaitu ez dela; eta zubietan, Gabonetan, Pazko astean eta udako sei astean, jai. Eragozpenoi haur eskola batzuetan salatutako gabezia larriak gehituta (gelako narriadura arriskutsuak, ume/hezitzaile ratioak ez errespetatzea, umeak jolastokira ez ateratzea...), ulergarria da guraso gehienek haur eskola publikoetan izena ez ematea. Eta bitartean, erantzuleei gogaitzeraino entzun behar diegu jaiotzen hazkundea sustatzeko eta familiei laguntzeko euren «konpromisoa» lotsa barik aipatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo