GARA > Idatzia > Ekonomia

TESS sarea, ekonomia sozial eta solidarioa sustatzeko «mugaz gaindiko» tresna

Gizarte onura eta elkartasuna ardatz dituen ekonomia sustatzeko, elkar ezagutzeko eta egitasmoak zabaltzeko helburua duela, TESS sarea abian jarri da Nafarroan, EAEn eta Pirinio Atlantikoen Departamenduan.

p023_f02_148x96.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Pirinio Atlantikoen Departamenduan, EAE Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Erkidegoan ekonomia sozial eta solidarioa sustatzeko xedearekin abian jarri berri da TESS sarea.

ANELren (langileen enpresen elkarte nafarra) ekimenez hasi ziren beraien eta Akitaniako CRESS (ekonomia solidarioaz arduratzen den egitura) eta KONFEKOOP (EAEko kooperatiben konfederazioa) arteko harremanak duela hiru urte.

Geroztik, harremanak eta elkar ezagutza sendotu eta Europar Batasuneko funtsak erdietsi dituzte. Sarearen zereginen artean, eremuaren errealitatea aztertzea dago. Helburu horrekin, behatoki bat sortuko dute.

«Praktika onak» hedatu

Halaber, lan-dinamika komuna sustatzea, esperientziak trukatzea, «praktika onak» hedatzea, lurraldeen eta gizakien errespetuan eraikitako ekonomia bultzatzeko garapen esparruak bilatzea... izango dira TESS sarearen eginkizunak.

Egitasmoak bi urte eta erdiko iraupena izango du, eta, orotara, 1.300.000 euroko diru laguntza jasoko du Europatik.

Lehen ekimenak berehala gauzatuko dituzte. Izan ere, abenduaren 15ean bisitaldi bat antolatu dute Ipar Euskal Herriko hiru enpresa edota proiektu ezagutarazteko: Baionako Atherbea elkartearen gizarteratze tailerra; Lekorneko Garro elkartearen baratzezaintza ekologikoaren proiektua, eta azkenik, nekazaritzako ekoizpenak merkaturatzeko AMAP-en aurkezpena Hazparneko CDFAn.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo