GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria, Irakaslea

Lerratze autoritarioen aurka

Suder eta Gauger alemaniarrek 30 urte daramatzate Frantzian bizitzen eta estraditatuak izateko arriskuan daude, Baader taldekoak omen zirelako. Polanskiren auzian frantziar presidenteak erran zuen ez zela justiziaren administratze ona 30 urte berantago bere kontra aritzea. Bi alemaniarren kasua desberdina al da?

Gero eta okerrago goaz. Ezkerreko jendearen kezka aspaldikoa da. Aurore Martinen aldeko sostengu zerrendan agerian gelditzen da kezka hedatzen ari dela, ezkerreko jendeetatik at kezka zabaltzen ari dela, herritarrak ohartzen direla eskubideak urratzen direla inongo ondoriorik gabe eta horri kasu egin behar zaiola kolektiboki. Gauza oso ona da. Ez al da berandu?

Sonja Suder eta Christian Gauger alemaniarrak dira; 69 eta 78 urte dituzte. Alemaniak 1977an egindako bi atentatu leporatzen dizkie, zeinetan kalte materialak izan ziren soilik. Jada 30 urte daramatzate Frantzian bizitzen, baina estraditatuak izateko arriskuan daude. Garaian Baader taldekoak omen ziren; egun duten adinean, zer arrisku sortzen al dute? Roman Polanskiren auzian frantziar presidenteak erran zuen ez zela justiziaren administratze ona 30 urte berantago bere kontra aritzea. Bi alemaniarren kasua desberdina al da?

Aste honetan zazpi polizia zigortuak izan dira pertsona baten inkulpatzeko gezurrak errateagatik. Atxilotuari polizia baten hilketa saiakera leporatzen zioten; alegia, bizi guztirako presondegiratzeko aukera zuen! Polizien gezurra azaldu da; ondorioz, epaileak erabakitako zigorrak polizien presondegiratzea ekartzen zuen, sei hilabete eta urtebete artekoa, eta, noski, gorputzetik kanporatzea. Epaia polizien artean ez da ulertua izan eta protestaka hasi dira. Alta, polizia izan ala ez, legea berdina da denentzat eta denek errespetatu behar dute! Nabarmenago polizia batek duen boterea kontuan hartuz: kasu horretan pertsona hura presondegira eramaten ahal zuten inongo deliturik egin gabe. Ontsalaz zigortze oso ulergarria zen, epaileek bururaino eraman dutena, hain goraki aipatzen den haien boterearekiko independentziaren ikuspuntutik. Epaileak hain independenteak direnez, Barne ministroa gorri-gorri haserretu da, eta, Justizia ministroarekin hitz egin ondotik, Gobernuko ordezkariak dei egin du. Publikoki esan du Barne ministroak ez duela erabaki judiziala errespetatzen, eta, kasu horretan, Polizia babesten duela.

Gertakari honek astintze politiko gogorra ekarri du, eta ezkerraren aldetik salaketak heldu dira. Baina Hortefeux jauna ez da mugitzen eta hastapeneko lerroa, Poliziaren aldekoa, ez du kakotx batez aldatu. Eskuin muturreko ikuspuntuak indartzen ari dira; boz horien bila doaz. Gobernuaren eraberritzean hautu autoritarioak hobetsi dira, krisitik ateratzeko aukerarik ez dutela ikusita; ekonomia eskapatzen zaie, ez dute ia-ia ezer kontrolatzen, eta, hala, politika liberalaren aldetik jarraitzea erabaki dute. Horrek ondorio sozial gogorrak ekarriko dituela neurtua dute. Ezkerraren antolaketa eza dute parean, eta horri aurre egiteko eskuineko indar guztiak bildu behar dituzte ondoko hauteskundeen irabazteko. Ezkerrak liberalismo honi alternatibarik ez dio proposatzen, herritarrek ez dute ikusten boza nori eman lerratze horietatik ateratzeko. Boterean daudenek ez dute besterik behar trabarik gabe autoritarismoaren bideratzeko! Herritarren eskubideen defentsarako indar politiko desberdinen arteko elkartzerik ez al da beharrezkoa lerratze autoritarioen aurka joateko?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo