GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Josu JUARISTI I GARAko zuzendaria

Mendia, GARAren tentazioa

Mendiak beti izan du tentazio puntu bat euskaldunontzat. Egiten dugunok eta egiten ez duten askok ere arazo gutxi izango genuke lilura hori onartzeko, nahiz eta, sarritan, nahi baino gutxiago egin eta igo. Egia da, aspaldi honetan, itsasoak gero eta indar handiagoa hartu duela gurean (GARAko webgunea eta orrialdeak ere horren ispilu dira), baina horrek ez du esan nahi besteari kendu dionik, mendiak lilura eta erakargarritasun hori galdu duenik, alegia.

GARAn hasieratik islatu nahi izan genuen zaletasun hori gure orrialdeetan, eguneroko orrialdeetan, eta ez gutxitan mendiari eta naturari eskaini dizkiogun liburu, fitxa eta aisialdirako produktuetan. Teknikoagoak batzuk, gehiengoarentzat besteak. Mendiak leku berezia izan du gurean, lehenengo egunetik. Gehigarri formatuan edo egunkari konpaktuago baten barruan, gaur bezala, baina, beti, berezitasun ukitu handiarekin. Guretzat, GARArentzat, apustu bat izan da lehenengo egunetik. Oso barruan sentitzen dugulako kirol edo bizitzeko era hau.

MENDIA hizki handiekin, eta mendiaren barruan sar daitezkeen erabilera, kontzeptu, molde, zaletasun eta maila guztiekin, guztientzat. Denetik baitago, denetik islatzen saiatzen garelako. Urte hauetan gauza ikaragarriak gertatu dira gure mendietan eta euskaldunek gureak bihurtu dituzten urruti-urrutiko gailurretan: marka ikaragarriak, balentria izugarriak, elkartasun eredu miragarriak; baita, zoritxarrez, albiste txarrak ere. Horiek guztiek izan dute eta dute lekua orrialdeotan. Goi tontorretako alpinismoan izen mediatikoenen ispilu dira orriak, baina, era berean, eta bereziki, oso bereziki, han eta hemen egiten diren proiektu berrien ispilu. Eskalatzaile asko eta askoren bilakaera ikusi dugu orrialdeotatik, hamabi urte paretan asko baitira oso gazte hasten den neska edo mutil batentzat. Mendia eta elurra (slide kontzeptuak, finean) ere makina bat artikuluren ardatza izan dira. Guztiontzat izan daitezkeen ibilbideak eskaini ditugu, eta eskaintzen jarraituko dugu.

GARAren apustu honek, etxeko koordinatzaileen lanaz gain, bi kazetari eta mendizale, bi mendizale eta kazetari, izan ditu eta ditu protagonista, betiko bi kolaboratzaile: Antxon Iturriza eta Andoni Arabaolaza. Honek jaso du, orain, errekonozimendua, ondo merezita. Beraiekin batera, beste ekarpen asko izan ditugu urte hauetan, gomendioak eginez, ibilbideak proposatuz, zutabeak idatziz... Mendizaleak eta elkarteak, irakurleak. Denekin goaz mendira, astero, orriotatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo