GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Waimea, ibai gorria: Historia egin duen itsasbazterra

Surfaren historian Hawaiik garrantzi handia izan du, eta egun ere badu. Historia horretan ezinbestean aipatu beharreko lekua da Waimea.

p046_f01.jpg

Haritz Larrañaga Altuna I

Surf munduan garrantzi handiena duen herrialdea aukeratu beharko bagenu, dudarik gabe Hawaii aukeratu beharko genuke. Oso ezagunak dira bertako olatu handien irudiak eta zenbait lekuren izenak, baina zer dakigu bertako kultura eta ohiturez? Dudarik gabe, ezer gutxi. Surfaren hasiera edo lehen urratsak bertan eman ote ziren ez dago ziurtatzerik, baina surf modernoa garatzerako orduan irla hauek izan duten garrantzia inork gutxik jar dezake zalantzan.

Hawaiiko irlez hitz egin ohi da, baina, egiaz, surfaz mintzo garela, irla bakarra izan da surflari atzerritarrek eta argazkilariek gehien ezagutu duten lekua, eta zehatzago esanda, irla horretako zati jakin bat: Oahu irlako North Shore famatua.

Hawaiiko zortzi irla nagusietatik bost dira ezagunak, Oahu, Maui, Kauai, Hawauaii (irla handia) eta Molokai; eta irla hauetatik ezagunenak Oahu eta Maui lirateke, lehena surflari eta turista anitzentzat eta bigarrena turismo mota lasaiago batentzat, hippyentzat eta wind-surflarientzat kasu. Gainerako irlei buruz ezer gutxi dakigu surflariok, olatu bikainak badirela bai, baina ezer gutxi gehiago. Horren arrazoietako bat zera da, bertako hiritarrek eta surflariek beren kultura eta izatea babestearren, irla batzuen potentziala isilpean edukitzen dutela turistifikazio masiboaren aurrean -ekidin ezin dena eta bertako ekonomiaren oinarri dena, halere-. Badira olatu ikaragarri ederrak dituzten lekuak eta irlak, baina zuhur gordetzen dituzte, eta ia-ia bertako jatorrizko biztanleek (kamaaina) bakarrik egiten dute surf bertan.

North Shore

Oahu da turismoaren eta estatubatuarren Armadako atzaparretan salduta utzi duten irla. Hawaiiko irlarik handiena ez izan arren, bertan aurkitzen da hiririk handiena, Honolulu (badia babestua), baita 1941ean japoniarrek erasoan jo zuten Pearl Harbor base militar famatua ere (bertan olatu oso onak zituena).

Oahuko irlaren iparraldea leku lasaia da. Hiri bat eraikitzeko leku aproposa izan arren, ez da aparteko azpiegiturarik egin. Antzina irlako iparraldean ez zen ia mugimendurik, kutsu espirituala zuen eremua zen bertako jendearentzat, horregatik zegoen hilerria ere bertan, hirigunetik urrun. Jendea, batez ere, irlaren hegoaldean bizi zen, eta hasieran, surfa ere hegoaldeko hondartzetan egiten zen, Waikiiki inguruan.

Taula astunak zituzten garaiak ziren, eta irlaren iparraldeko olatuak bortitzegiak ziren taulak behar bezala menderatzeko. Sunset bezalako lekuek arrakasta izan zuten, olatu handiak, indartsuak eta albo batetik sartzeko aukera eskaintzen zutenak. Horrelako leku ugari aurkitu zituzten iparraldean, itsasoratzeko korronte egokiak zituzten badiak. Kontuan hartu behar da garai haietan ez zutela txikotarik ibiltzen.

Waimea

Oahuko iparraldean aurkitzen da, Pipeline eta Haleiwa artean. Badiaren gain aldean hilerri hawaiiar bat dago (heiaw=hilerria), mistikoa, zeren bere historia ez da oso argia. Bertakoek ere ez dakite ziur antzina nor lurperatzen zuten bertan.

Hilerritik badiara errekatxo bat jaisten da. Bertako kondairen arabera, errekak zeraman ura hildakoen odola zen. Izan ere, inguru horietako lurrak burdin asko du, eta euria egiten duenean errekako urak kolore gorrixka hartzen du.

Surfaren ohiko irudia olatu handi bat jaisten ari den surflariarena izaten da. Irudi hori bera da Waimeako irudia. Udako arratsetan haizea bare eta eguzkia ahulago dagoela, kolore zoragarria izaten du North Shoreko kostaldeak. Olaturik izaten ez den garai horretan igeri egitera gonbidatzen gaitu itsasoak, baina azaroa iristearekin batera, gauzak aldatu egiten dira.

Inguruan olatuak handiegiak direnean surf egin daitekeen leku gutxietako bat da Waimea, zeren olatu erraldoiak hartzera sartu ahal izateko ezinbestekoa den ubide bat sortzen dute badiaren ur sakonek.

Waimean surf egin zuten lehen bi surflariak ez ziren propioki Waimean surf egitera sartu, Sunseten surf egiten ari zirela arazoak izan zituzten irteteko, eta Waimeako badiatik irtetea errazago izango zutela pentsatuta bertaratu ziren.

Lehen saiakerak

1943ko abenduaren 22an, Woody Brown eta Dickie Cross, 17 urteko kaliforniarra, Sunseten ari ziren surf egiten, itsasaldi bortitza zen egun hartan, olatuak handiak ziren, eta denbora gutxian, gero eta gehiago handitzen hasi ziren. Sunseteko badian olatuak «ixten» hasi ziren, alegia ubidean ere olatuak lehertzen hasiak ziren. Hori ikusita, handik irtetea zaila izango zela pentsatu zuten bi surflariek, eta Waimeako badian irteera errazagoa izan zezaketelakoan, harantz abiatu ziren. Bost kilometro baino gehiago egin zituzten hegoalderantz arraun egiten. Behin badiara iritsita, olatuak oraindik eta handiagoak ziren, eta korrontearen aurka ubidean barrena irteten saiatu ziren, baina halako batean izugarrizko olatutzarrak harrapatu zituen. Serieko olatuak ikusi, eta agian atzekoak parez pare harrapatuko zuela pentsatuta, lehen olatua harrapatzeko saiakera egin zuen Dickie Crossek, baina ez zuen lortu behar bezala jaistea, eta erortzean taula galdu zuen. Brownek lortu zuen seriea gainditzea olatu erraldoiek bera azpian harrapatu gabe. Bi lagunak taula bakar batekin geratu ziren, ordea. Cross taula gabe olatu bat harrapatzen saiatu zen itsasbazterrera gerturatu ahal izateko, baina itsaslasterretan galdu zen. Itsasoak eraman zuen, desagertu egin zen. Brown bere taulaz baliatu zen irteteko, baina momentu batean berak ere galdu egin zuen taula, olatu batek azpian atzemanda. Itsasertzean agertu zen, handik urrun, lau hankatan, ia konorterik gabe eta larru gorritan, arinago igeri egiteko bainujantzia kendu baitzuen. Beraz, Waimean izan ziren lehen bi surflarietako bat desagertu egin zen eta bestea handik oso urrun erreskatatu zuten.

Waimean surf egiten hurrengoa Greg Noll izan zela esaten da, nahiz eta bakarrik ez zegoen. 1957an izan zen, eta superstizioei aurre eginaz itsasoratu ziren: «Jendeak benetan uste zuen Itsasoak haole (atzerritarrak) guztiak irentsiko zituen zurrunbilo bat sortuko zena».

Itsasaldi handietan surflari multzo bat biltzen zen badiaren alde batean, eta liluraz begiratzen zioten olatuari. Batzuek baietz zioten, olatu hori har zitekeela, besteek ezetz, arriskutsuegia zela. Baina ikuspegi tekniko batetik harago, leku honek bazuen beldurgarri egiten zuen beste osagai bat, kondairak.

Neguan, Makahatik Sunsetera bidean zihoazela, Waimeatik pasatzean, olatuari begira egoten zirela kontatzen du Greg Nollek. Inor ez zen ausartzen taula hartu eta proba egitera, ordea, Dickie Crosen heriotza zuten gogoan, eta gainera lekua sorginduta zegoela zioten bertakoek. Behin eta berriz esaten zieten surflariei ur horietan ez sartzeko.

1957ko azaroaren 7an zenbait surflarik olatua hartzeko saiakera egin zuten. Hasiera batean bi edo hiru surflari ziren, baina azkenerako dozena bat lagun izango ziren uretan. Kanpoan jende andana bildu zen eta Haleiwa hiria hutsik geratu omen zen; «Haole horiek erotu egin dira, bere buruaz beste egitera doaz», esaten omen zuten bertakoek. Ez dago garbi lehen olatua nork hartu zuen, baina meritu guztiak Greg Nollek eraman zituen. Ordutik , Waimea olatu handien ikono da, bere burua probatu nahi duen surflariarentzat ezinbestean iritsi beharreko meka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo