itsasoa
«Zazpi atedun Tebas hura, nork eraiki zuen?»
Ez dira txantxetako galderak. Edozein arlo eta eremutan sor daitezkeen galderak dira. Zergatik onartu behar dugu historia saltzen diguten prezio miserablean? Zergatik dute betikoek, beti irabazten? Greg Noll izan ote zen Waimeako olatu beldurgarri hura hartu zuen lehen surflaria? Zergatik ez dira gainerakoak erreportajeetan ageri? Zergatik ez die inork ezer galdetzen? Zergatik ez da ezaguna Mike Stang? eta Pat Curren? Eta Harry Church? Lehena bera izan zela diote batzuek. Zergatik dituzte izen-abizenak haole ilehoriek eta ez kamaaina bertako biztanleek?
Jeff Clarckek, 1975ean, 17 urte besterik ez zituela, Kalifornia iparraldeko ur hotzetan barrena sartu, eta Maverick's dastatu zuen. Hamabost urte egin zituen munduko olaturik arriskutsuenetako batean bakar-bakarrik surf egiten, lagun bakarrak han izan ohi diren marrazo zuriak zituela. Gaur egun olatu famatua da Maverick's, han hil zen Mark Foo surflariaren irudiak ezagunak dira. Surf bideo eta aldizkarietan behin eta berriz agertzen dira hango irudiak. Baina, nork ezagutzen du Jeff Clarck?
Dirudienez, irudirik ez badago, ez dago ezer. Greg Nollek hartu zuen Waimeako lehen olatuaren irudirik ez dago, berea eta galdetzen ez zaien beste hainbat surflariren testigantzak ditugu, baina arrakasta izen bakar batek izan du.
Big Wednesdayko karatularako erabili zen argazkiak buelta eman zion munduari. Ziur aski, arrakasta gehien izan duen surfeko irudietako bat izango da. 1963ko argazkia da, Greg Noll da urertzean Pipelineko olatu erraldoiak begiztatzen ageri den surflaria. Bizkarka agertzen da, bere-bereak zituen marra beltzeko bainujantzietako batekin eta zutoinean alderik aldeko marra zuen garaiko taula handi bat ondoan duela. Egun hartan argazki bikaina atera zuten dudarik gabe, argazki historikoa edonola ere, baina egun hartan, Greg Noll ez zen uretara sartu. Bideo kamerarik ezean, hainbeste arriskatzeko prest ez zegoela esan zuen. Hurrengo egunean, olatuak txikiagoak zirela, kamerarekin grabatu ahal izan zuten afera eta irudi haiekin, Pipelineko olatuak erakutsi zizkioten munduari. Pipelineko olatua hartzen lehena bera izan al zen? Ez, lehena Phil Edwards izan zen, bizkarka gainera, eta argazkia atera zioten. 1963an izan zen eta argazki hura urrezkoa bilakatu zen arren, ez zuen ondorenean Greg Nollen irudiek izan zuten arrakastarik lortu.
Eta orduan, nor izan zen egiaz lehena? Zer dakigu esan denaz eta egiaz izan litekeenaz? Waimea, Maverick's, Pipeline, Kirra, Mundaka, G-land, Margaret River, Jeffreys Bay, Maui, Orrua, Sopela eta Malibun... «Zazpi atedun Tebas hura nork eraiki zuen? Liburuetan errege izenik baizik ez da ageri».