GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Lady Gaga

Azalkeria pentsa liteke abeslari hau txoko honetara ekartzea. Lehen kolpean ospe eroa edo eskandalua etorriko zaigu burura, gehiago edo gutxiago denok ezagun dugun emakume hau jarrita hizpide. 24 urte besterik ez duen emakume honek, ordea, masiboki hunkitzeko edota sentimendu sutsuak pizteko boterea erdietsi du apenas bi urtetan. Kontziente da horretaz, gazteengan duen eraginaz, batik bat, eta bere modu pertsonal eta anitzean mezuak zabaltzeari uzten ez dion unetik, hartzaileak milioika gazte eta ez hain gazte direla aintzat hartuta, ez zait iruditzen sobera dagoenik arreta pittin bat eskaintzea Lady Gaga fenomenoari.

Joan den astean Estatuan eskainitako kontzertuen harira, hainbat artikulu izan dira irakurgai, telebistako albisteetan txoko nabarmena izateaz gain, jendartearen zati esanguratsu batengan mugiarazten duenaren erakusgarri. Artikulu edo berri horietan gehienetan, ordea, ia denon eskura daudenetan, behintzat, artistaren xelebrekeriak nabarmendu dira gehienbat. Gustu onaren antonimo, 90eko hamarkadako Madonnaren imitatzaile huts eta probokatzaileen erregina frikitzat jota.

Ez dut nik esango hori guztia ez denik; izan ere, ezin uka daiteke bitxia, probokatzailea, esplizitua eta zuzena dela, gogoak ematen diona baimenik eskatu gabe egiten duela, eta bere arrakastaren oinarrian barnean daramana agertzeko aukeratu duen irudi edo molde hori dagoela: horren guztiaren nahastea, kasualitaterik gabea. Gutxi jakinarazten da, ordea, nahaste horretan urteetako lana eta ikaskuntza ere badaudela, musika eta artea bat egiteko grina amaigabea, eta, denaren gainetik, borondate irmo eta goiztiarra. Lady Gaga ez da diskoetxe boteretsuen beste produktu hutsal bat, urteek aurrera egin ahala desagertu arte lausotuz joango dena. Bera ari baita bere burua eraikitzen, harrotasun eta duintasunez, buru-belarri jardunda. Eta munduko zenbait injustiziaren aurrean ere, isolatuta bizi barik, bere iritzia -eta dirua- botatzeko beldurra ez duela.

Gustatu ala ez, ez dut uste gazteentzako adibide txarra denik -gazteak ez diren askorentzat ere izan litekeelakoan nago, gainera-. Halako isileko ohitura baitaukagu helduoi probokazioa baino ez iruditzen zaiguna edo guk, «orojakileok», gustu onekoa deritzogunetik at dagoenaren ingurukorik ez komentatzeko gure gazteekin. Euren ikonoen aurreko interesik ez agertzekoa, eta, besterik jakin nahi barik, zuzenean mespretxatzekoa. Mirespen horretara iristeko euren barnean piztu den zerbait baztertzen ari garela konturatu gabe. Hobeto ezagutzeko aukera guk geuk alboratuta.

Lady Gaga halako kasu bat da. Aldi berean txalotua eta mespretxatua, emakumea, gaztea, xelebrea eta harroa, bere ibilbide profesional eta pertsonalaren jabea, mundu osora jaurtitzen dituen abestien konposiziotik hasi eta eszenaratzen duen azken jantziaren diseinuraino. Inork ez duela beste bat behartu eta kontrolpean izateko eskubiderik oihukatuz, emakumeok oraindik are zailagoa dugula eta indar handiagoa egin beharrean gaudela nabarmenduz, eta, bere modura bada ere, baztertu orori nolabaiteko maitasuna helarazi nahian abestuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo