Aranda deialdian sartu da. Calleja eta Kike Sola, berriz, ez
Aurrekari txarrak, mamuak eta dudak uxatzeko aukera
Jokalari gorritxoak gogotsu daude lehenbailehen etxetik kanpo irabazteko, aurkaria xamurra ez den arren.
Ander GARTZIA I
Aurrekari guztiak kontra dituela ekingo dio Osasunak urteen poderioz zorigaiztoko bilakatu den Mestalla futbol zelaian Valentziaren aurka jokatu beharreko norgehiagokari. Azken hamarkadan, gorritxoek bederatzi aldiz galdu dute Turia ibaiak bustitako hirian, eta, historia osoan, birritan baino ez du irabazi Osasunak Valentzian. Halere, estatistikek ez dute sekula punturik eman, eta nafarrek aurten Sadarretik kanpo burututako ibilbidea txukuna izatetik urrun dagoen arren, gorritxoak bat etorri dira gaurko norgehiagoka hau mamu guztiak uxatzeko abagune paregabea izan daitekeela nabarmentzerakoan.
Jose Antonio Camacho prestatzaileak jarraipena eman nahi dio gaurkoan Vicente Calderonen zein San Mamesen erakutsitako joko maila txukunari, nahiz eta ezin izango dituen Camuñas eta Damia lesionatuak zelairatu. Bestalde, behin lesioa gainditu eta gero, Murtziakoak Aranda berriz ere deialdian sartu du, hasieratik jokatzeko aukera gutxi izango dituen arren aurrelariak. Calleja eta Kike Sola, berriz, etxean geratu dira entrenatzaileak hala erabakita.
Valentzia, premia bizian
Jose Antonio Camachoren gizonek, baina, ez diote horren oroitzapen eskasak dakartzan Mestalla futbol zelaiari bakarrik aurre egin beharko. Izan ere, aurrez aurre puntu premia bizian dagoen talde bat izango dute.
Valentziarrak ezinbestean hiru puntuak pilatu beharrean dira Txapeldunen Ligako postuetatik asko urrundu nahi ez baldin badute, batik bat azkenaldi honetan etxetik kanpo arazo franko dituztela kontuan izanik -Mestallatik at jokatutako azken lau norgehiagoketan puntu bakarra bildu du Unai Emeryren taldeak, Vila-realen aurkako derbian bana berdinduta hain zuzen ere-.
Arazoak arazo, moralez gainezka ekingo dio partidari hondarribiarrak zuzentzen duen hamaikakoak. Izan ere, joan den asteartean Europako zelairik zailenetariko batean, Old Traffoord mitikoan, irudi txukuna eskaini zuen Manchester ahalguztidunaren aurrean. Gainera, Espanyolek zein Vila-realek asteburuan galdu egin dutenez, aukera paregabea dute ligako sailkapeneko goialdeko taldeekiko aldeak murrizteko.
Hori bai, Emeryk ezin izango ditu gaurkoan Albelda, Tino Costa, Moya, Chori Dominguez eta Mehmet Topal zelairatu -azken hiru jokalariak lesionatuta daude-. Fernandes portugaldarra ere deialditik kanpo geratu da. Horiek horrela, litekeena da Maduro izatea Banegaren laguna euskarrian.
Jose Antonio Camacho prestatzaileak azken entrenamenduaren osteko agerraldian norgehiagoka zaila iragarri zuen gaurko eta «Ligako talderik lehiakorrenetarikoa» bezala definitu zuen Valentzia. «Goian sartzeko borrokan izango da liga amaieran», adierazi zuen.
Murtziakoaren esanetan Osasuna barrenak husteko asmoz atera beharko da zelaira, «zortea ere lagun» izan beharko duen arren etxetik kanpo pairatzen ari den porrot uholdeari amaiera emateko.
Norgehiagokako hiru puntuak pilatzeko gorritxoek dituzten aukeren inguruan, aukerak aprobetxatzearen beharra azpimarratu nahi izan zuen prestatzaileak: «Etxetik kanpo gol abagune asko izan ditugu, baina ez gabiltza fin atearen aurrean. Hor dago arazoa. Ditugun aukerei etekina atera behar diegu, izan ere, gola sartuz gero, partida guztiz aldatzen da. Orain bi aste San Mamesen izandakoaren tankerako partida espero dut».
Aurkariaren inguruan, berriz, honakoa esan zuen: «Talde oso gogorra da eta alternatiba asko eskaintzen dituzten jokalariak ditu. Europan aurrera egin du eta ligan ere goian bukatuko du». A. G