GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SOKATIRA I Lauko Txapelketa

Amaiurrek eskura dauka emakumezkoen txapela

Txantrean eta Anoetan jokatutako bi saioetan garaile atera dira tiralari nafarrak.

p037_f01.jpg

Jon LEUNDA I

Amaiurreko nesken taldeak eskura dauka 250 kiloko txapela, herenegun Txantrean eta atzo Anoetan jokatutako bi saioetan garaile atera baitzen, eta, ondorioz, hiruna puntuko aldea kentzen baitie atzetik dituen Ibarrari eta Badaiotzi. Izan ere, bi horiek berdinduta amaitu dute bi jardunaldietan. Gauzak normal joanda, badirudi txapela Nafarroara joango dela.

Badaiotz izan da azken urte hauetako txapelduna, baina badirudi oraingoan bigarren postuaren borrokan ibili beharko duela. Horretarako, Ibarra izango du aurkari nagusia, berdinketa apurtu beharko baitute.

Mutiletan ere lehen faseko bi jardunaldi jokatu dira 300 kiloko mailan, eta datorren astean jokatuko den finalerako Ibarra A eta B, Amaiur A eta B, Berriozar A eta Sokarri sailkatu dira.

Idi probak

Idi probetan BBK sariketako mantak Biorenaren idiek eraman zituzten. Finalean urtean zehar Euskal Herriko probalekuetan aritzen diren idi parerik onenak neurtu ziren. Izan ere, proba ezberdinek puntuak izaten dituzte, eta, ostean, sei onenak lehiatzen dira.

Biorenaren idiek 50 untze eta metro bat egin zuten, eta garaipen erosoa lortu zuten, bigarren sailkatu ziren Landazabalenaren idiei untze bat kendu baitzieten -azken horiek 49 untze egin zituzten-. Hirugarren Ugarterena sailkatu zen, 48 untze eta 2,68 metro eginda. Hiru idi pare horiek sailkatu ziren Supreprestigioko finalera. Laugarren Telleria sailkatu zen 46 untze eginda. Tio Motxoren uztarriak eta Erauskinenak itxi zuten sailkapena. Jende asko batu zen finala zuzenean ikustera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo