AIZKORA I Adierazpenak
Joxemari Olasagastik garbi utzi nahi du herri kiroletan ez dagoela dopinik
J.L. I
Pasa den ostegunean ETB1eko saio batean Joxemari Olasagastik dopinari buruz egindako adierazpenek gaizki ulertu batzuk sortu dituztela dirudi. Hori dela eta, Igeldoko txapeldunak argitu nahi izan ditu.
«Nik ez nuen inoiz esan nahi izan herri kiroletan dopinik dagoenik, justu kontrakoa esan nahi nuen. Nik esan nahi nuen herri kiroletan, gainerako goi mailako kiroletan bezalaxe, medikuekin ibiltzen garela, eta gure proteinak, bitaminak, hartzen ditugula, baina inoiz ez galarazitako produkturik, inoiz ez. Hori da esan nahi nuena, eta norbaiti gaizki ulertua sortu badiot, publikoki barkamena eskatzen diot. Baina berriro diot, herri kiroletan dopinik ez dago», esan zuen. Beraz, gauzak nahikoa argi geratu dira.
Mendizabali omenaldia
Joxemari Mendizabal zenari beste omenaldi bat egin zitzaion atzo Urdiainen, bera bizi zen herrian. Sakanako aizkolariek ez zuten ahaztuta Adunakoa, eta han batu ziren denak, izan ere, eskualdeko aizkolari gehienak bertan ziren, Floren Nazabal buru zutela. Kortxero eta Jauregi arabarrak eta Sakanako eskolan dabiltzanak ere izan ziren. Horiez gain, Rodriguez segoviarra eta Aierbe, Erdozia I.a, Agite eta Arria II.a beteranoak. Harri-jasotzaileak eta trontzalariak ere aritu ziren.
Urdiaingo plaza gainezka zela, Mendizabal zenaren alargunak Sakanako herri kirolarien opariak jaso zituen, baita herriko udalarenak ere. Jaialdia bera bizi-bizia eta oso polita suertatu zen.