Finalerdietarako azken aukera Superprestigioan
J.L. I
Superprestigioko final-laurdenetako bi norgehiagokak jokatuko dira gaur 16.00etatik aurrera Donibane Garazin, Garat trinketean.
Lehenengoan Bonebeltx eta Etxeberri lehiatuko dira. Biak ezustea emanda heldu dira final-laurden hauetara. Bonebeltxek Ozafrain kanporatu zuen, lehiaketa irabazteko faboritoetako bat, eta indarrez gainezka heldu da partidara. Profesionaletara pasatu zenetik hilabete batzuk besterik ez dira pasa, eta jadanik bere maila ematen ari da. Zaleek asko itxaroten dute berarengandik.
Etxeberrik Kurutxari kanporatu zuen final-zortzirenetan, eta gaurkorako ere bera izango da faborito; izenari begiratuta, behintzat, horrela dirudi. Eskarmentu askoz ere gehiago dauka berezkoetan, eta horrek faborito bihurtu beharko luke, baina ez da ahaztu behar orain arteko lau norgehiagoketan faboritoak galtzaile izan direla. Kanporaketa honetan garaipena lortzen duen pilotariak datorren igandean jokatuko du finalerdietako partida, hain zuzen ere Waltari kubatarraren aurka.
Final-laurdenetako azkeneko kanporaketa Jannotsek eta Harizmendik jokatu beharko dute. Azken hori aterako da garaipena lortzeko faborito nagusi bezala. Biak final-zortzirenetan ezuste latza emanda datoz, baina Harizmendi gehiago da, eta gaur erakutsi egin beharko luke. Jannots berezkoetan berria da, baina ezustean mendean hartu zuen lehen kanporaketan Hegiabehere. Hortaz, galtzeko gutxirekin eta irabazteko askorekin joango da Nafarroa Behereko hiriburura.
Harizmendik orain dela bi urte finala jokatu zuen, baina aurtengoan inork gutxik espero zuen dagoen lekuan ikustea, lehen kanporaketan Ezkurra izan baitzuen aurrean. Hura gainditu zuen, eta orain aitzinera egin nahi du. Kanporaketa gainditzen duenak, Lemuno izango du aurkari finalerdietan.