FINAL DEL CUATRO Y MEDIO
Irujok jotako txistuan dantza egitea ez da batere erraza
Josemari ETXENAGUSIA I Pilotari ohia
Sarri errepikatzen den esaldia da, baina atzo ere oso argi ikusi zen pilotari gehienek Irujok jotako txistuaren doinura egin behar dutela dantza eta hori ez dela batere erraza. Horixe da finaletik gehien nabarmenduko nukeena, Iberoko aurrelariak partidari buelta emateko eta bere erritmoa jartzeko erakutsi duen erraztasuna. Nahiz eta ondoegi jokatu ez, Irujok jarri du partidako erritmoa erditik aurrera eta hortik joan da partida. Barriolak hasieratik sake mordoxka bat egin eta markagailuan alde egin duenean ematen zuen Martinez de Irujok ez zuela bere eguna izango, baina partidan sartzea lortu duen unetik bertatik ikusi da Barriolak ezingo ziola Irujo oldarkor horri aurre egin.
Barriola 7-0 aurreratu denean tanto oso borrokatu bat izan dute, Irujok defentsa bikaina erakutsi duen bat, eta iruditu zait fisikoki ere Abeli ez ote zaion gehitxo kostatu buelta ematea. Sakearekin ere tanto dezente itzuli dizkio eta irudipena daukat, Irujo parean jarri zaionean, partida zaildu zaionean, etsi egin duela pixka bat.
Finalaren inguruan nabarmendu behar da normalean baino huts gehiago egin dituztela. Aldiz, jokatutako erritmo horretan, ez da batere harritzekoa. Batik bat atzelarientzat oso zaila da Irujok jarritako erritmo horretan jokatzea. Nahiz eta Barriola abila izan, erritmo horretan jokatzea izugarri latza da.