Kamioi-gidari bat hil da Beran izandako bide istripuan
Kamioilari bat hil zen atzo Beran gertatutako bide istripuan. N-121-A errepidean ibilgailua bidetik atera eta irauli egin zen. Horren ondorioz, kamioia gidatzen ari zen 35 urteko gizona hil egin zen. LABek errepide horretan dauden arazoak konpontzeko eskatu dio Iruñeko Gobernuari. Dagoeneko 77 langile hil dira aurten Euskal Herrian. Atzo bertan, beste langile batek zauri larriak jasan zituen Tuteran.GARA |
Kamioi gidari bat hil zen atzo Beran gertatutako istripu batean. Istripua 2.00etan gertatu zen Iruñea eta Behobia arteko N-121-A errepideko 62 kilometroan (Iruñea-Behobia), Bera parean.
Zer dela-eta gertatu zen argi ez badago ere, 35 urteko gizonak gidatzen zuen ibilgailua errepidetik atera eta irauli egin zen. Gertaera ikertzen ari da Guardia Zibila. Oronozeko eskualdeko suhiltzaileak eta Berako boluntarioak joan ziren tokira. LAB sindikatuak gogorarazi zuen ez dela horrelako zerbait gertatzen den lehenengo aldia, eta azken bi hilabeteetan hiru pertsona hil direla aipatutako errepidean, batzuk lanera bidean eta besteak lanean ari zirela.
LABek gogorazi zuen bide berriak ez duela arazoa konpondu, berritze lanak bukatu ondoren trafikoa areagotu egin delako, eta bideko tarte batzuk «izugarri txarrak» izaten segitzen duelako. Gainera, kamioi askok bide hori erabiltzen dute, Europako beste herrialdetara igarotzeko. Horregatik, sindikatuak konponbideak eskatu zizkion Nafarroako Gobernuari, etorkizunean horrelakorik gerta ez dadin. «Baztan-Bidasoako jendarteari ere deitzen diogu soluzioak aldarrikatu ditzan eta denon artean soluzio bideak aurkitzeko», gaineratu zuen LABek. Istripu horren ondoren, aurten dagoeneko 77 pertsona hil dira bere lanpostuan Euskal Herrian. Aurrekoa ostegunean AHTren lanetan hil zen langilea ukrainarra zen. Eztanda baten ondorioz, langile hori hil eta beste bi zauritu ziren. LAB eta ELA sindikatuetako hainbat ordezkarik protesta egin zuten atzo istripu horregatik Donostiako Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean, «Prekarietatea hiltzailea. AHTrik ez», lema zuen pankarta zabalduta.
«Erabat salagarria»
Leire Txakartegi ELAko eledunak AHTren lanetan izandako istripu hori «erabat salagarria» dela adierazi zuen, lan horietan dirutza gastatzen ari diren arren, langileak lan baldintza txarrak jasan behar dituztelako. Lanak ikustera sartzeko baimena sarritan eskatu dutela gogorarazi zuen, «baina Gobernuak ez du nahi, zerbait ezkutatzeko duela agerian utziz».
Iker Espolosin LABeko kideak AHTren lanetan hil den hirugarren langilea dela nabarmendu zuen. Adierazi zuenez, «inposatutako proiektua» bakarrik elite politiko eta ekonomikoaren intereserako dela, eta agintariek bestelako ekimenetarako dirurik ez dagoela esaten badute ere, «ez daude lan hauek gelditu edo geldotzeko prest».
Izan ere, Administrazioak neoliberalismoaren errezeta ere erabiltzen duela uste du, langileriaren baldintzak okertuz.
Bestalde, atzo beste langile batek zauri larriak jasan zituen Tuteran, 10.14ean gertatu zen istripu batean. Moracho kalean garabi bat erabiltzen ari zela, zamak J.A.G.P. 30 urteko langilearen eskua harrapatu zuen. Bi atzamarretan oso kalte larria eragin zion, eta Reina Sofia ospitalera eraman zuten zauritua.