GARA > Idatzia > Kultura

Euskal kulturgintzaren egoera hobetzeko estrategia definitu du HUHEZIko Sorguneak ikertegiak

Gipuzkoako Aldundiak, «Gipuzkoa 2.0» programaren barruan, euskal kulturaren eta kulturgintzaren egungo egoera ikerrarazi du. Egoera hori hobetzeko, hamabi estrategia proposatu ditu HUHEZIko taldearen ikerlanak.

M. L. | DONOSTIA

Gipuzkoako Aldundiak euskal kulturaren egoerari buruzko ikerketa eta gogoeta bat egitea erabaki zuen legealdi hasieran eta, hori dela-eta, «Gipuzkoa 2.0» programari ekin zioten. Horrekin, kultur edukiak sarean guztiontzat eskuragarri eta erabilgarri jartzea lortu nahi zuen. Orain, legealdi amaieran, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Humanitate eta Hezkuntza Fakultateko Sorguneak ikertegiak euskal kulturgintzaren egungo egoera landu, eta garatu beharreko estrategiak ere definitu ditu bi ikerketa kualitatibotan. Hala, euskaraz sortu, hedatu eta transmititzen den kulturaren egoera politikoa lantzen du txostenak eta Aldundiari «bideko faroak» erakusten dizkiola azaldu zuen Maria Jesus Aranburu Euskara eta Kultura diputatuak, «errealitatea nola dagoen eta gure egitasmoetara iristeko heldulekuak erakusten dizkigu ikerketak».

Ikerketa burutzeko 127 lagunen laguntza izan dute eta elkarrizketa eta eztabaida-taldeekin burutu dute lana. Horiek guztiak perfil eta jatorri desberdinetakoak izan dira; hala, euskal sortzaile ezagunak topa daitezke (Anjel Lertxundi, Jose Angel Irigaray, besteak beste, eta Xabier Letek berak ere parte hartu zuen); Administrazioan lan egiten dutenak (Maria Jesus Aranburu bera adibidez), eta beste hainbat arlotakoak.

127 ahots

Guztira hamabi estrategia ondorioztatu dituzte ikertzaileek. Alde batetik, euskal kulturgintzako eragile sozialak eta gizarte-erakundeak artikulatzeko premia erakusten du ikerketak. Artikulazio hori elkarrekin egin beharreko lantzat hartu behar da, eta bi mailatan egiteko proposamena luzatzen du: esparru bakoitzaren barruan eta desberdinen arteko eremu orokorrean. Hala ere, badira zenbait alor ongi artikulatuta daudenak jada, hala nola, bertsolaritzaren esparrua edota edizio mundua.

Halaber, esparru bakoitzaren lanketa propioa ere aztertzen da ikerketan. Izan ere, esparru bakoitza ekosistema moduan lantzen hastea eta biziberritzeko elementu nagusien plangintza egitea gomendatzen du ikerketak hiru arlotan: transmisioa, sustapena eta jakintza, hurrenez hurren.

Tokian tokiko gizarte eragileak eta eragile publikoen indarrak norabide honetan jarriz, herri eta auzoetako kulturgile kolektibo eta sortzaileen konexioa sustatzeko beharra ere ondorioztatu dute ikerketa honen bidez. Hala, herrietako abesbatza, musika talde, bertso eskola, antzerki talde, musika eskola eta halakoen konexioan dagoen potentziala aktibatu nahi da. Eta, gainera, honekin batera «jaiaren» espazio sinbolikoaren potentzialak berrindartzeko proiektuak ere sortu nahi dira.

Aldi berean, maila orokorrean eta esparru bakoitzean euskal kulturgintzaren belaunaldi-transmisiorako bideak sortzea proposatzen dute Sorguneko kideek. Hau parte-hartzaile transmisioa bilatuz, edota zaletasun-transmisioa bilatuz egitean datza proposamenak.

Baita etxetik kanpo ere

Hezkuntza arautuan euskal kulturgintzaren transmisioa txertatzea ere proposatzen du, ikastetxeetan curriculuma garatzean, alegia. Eta, aldi berean, Euskal Herriko hedabide sisteman ere hedapen zabalagoa eman nahi zaio kultur sorkuntza horri, kulturak aurrera egin ahal izateko etxetik kanpo ere laguntza jaso behar baitu.

Azkenik, euskal sorkuntzatik eratorritako elementuak Interneten eta teknologia berrietan txertatzea, eta Euskal Herriko elebakarren artean horien hedapen eta zabalkundean lan egitea da «Gipuzkoa 2.0» programaren barruan aurrera eramandako ikerketa horretatik ateratako beste ondorio bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo