GARA > Idatzia > Kultura

Bide Ertzean boskotea osorik arituko da Victoria Eugenian, «Don Inorrez» aurkezten

 

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Ilusio bikoitzarekin etorriko da Bide Ertzean Donostiako Victoria Eugenia antzokira, hain zuzen, ostegunean –20.00etan– eskainiko duen kontzertura. «Batetik disko berria aurkeztera gatozelako eta, bestetik, plaza ederrean egingo dugulako», esan zuen atzo Imanol Ubeda gitarrak emanaldiaren aurkezpenean. Antzokia eserlekuetatik ezagutzen dute, beste artista  eta musikari batzuk ikustera joatetik. Orain, txanda heldu zaien honetan, pozik daude, eta kontzertu «garrantzitsua» dela aitortu zuten.
“Don Inorrez” azken lanaren bira orain «bi edo hiru aste» hasi bazen ere, musikariek azaldu zuten bezala, une egokienean datoz «errepertorio berria sendotuta datorrelako».
Agertokia ere «edonolakoa» ez dela erantsi zuten, besteak beste, «ahalbide tekniko ugari eskaintzen dituelako». Horregatik, irudi eta grafismo berezi bat izango da kontzertuan. Formatua gainerakoan, «asko zaindutakoa» izango da, diskoko edukia zuzenekora eramateko lan handia egin baitute.
Errepertorioari dagokionez, batez ere “Don Inorrez” laneko abestiak eskainiko dituzte, baita beste osagai bereziren bat ere. «Ohikoa baino ikuskizun luzeagoa izango da –aurreratu zuen Joni Ubeda anaiak–. Lan berriena aurkeztera gatozen arren, aurreko beste hainbat abesti joko ditugu». Xabier Leteri ere keinu txiki bat egingo diote “Ni naiz” abestiaren bertsioa joz. «Ez du zerikusirik gurekin –esan zuen Imanolek–, baina berarekin hazi gara eta egin zituen testu batzuk benetan handiak dira».
Beste berezitasun bat izango da taldea osatzen duten bost kideen parte-hartzea, beste batzuetan ez baita posible izan. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 12 eta 10 euroan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo