GARA > Idatzia > Kultura

Bizkaiko bertsolaritzaren lore berriak, txapela nork jantziko

2008an legez, Barakaldoko BEC aretotzarrean jokatuko da aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, datorren zapatuan, abenduak 18. «Plazan alkartuko gara» du lelo aurtengo txapelketak, eta beste behin ere milaka bertsozale erakarriko ditu bertara. Oholtza gainean izango diren zortzi bertsolarietatik bostek lehenengoz kantatuko dute finalean, eta zortziak txapela jantzi bakoak direnez, aurtengo txapel emoile Luis Baraiazarrak txapeldun berriari jantziko dio.

p040_f01_199X112.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Datorren larunbatean jakingo dugu zein den aurtengo bertsolari txapelduna Bizkaian, Igor Elortzak orain bi urte lortutako sariari segida emango diona. Eta oholtza gainean lehian izango diren zortzi bertsolarietatik inork txapela aurretik jantzi ez duenez, txapeldun berria izango da gainera. Kantari, finalerdietako garaile Onintza Enbeita (Durangon), Miren Amuriza (Zornotzan) eta Beñat Ugartetxea (Gernikan), eta puntuetara sailkatutako Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Jone Uria, Eneko Abasolo Abarkas eta Peio Ormazabal. Enbeita, Estiballes eta Lekue kenduta, beste bostak lehenengoz heldu dira finalera, eta beraz, aurrenekoz izango dute txapela janzteko aukera.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria den Karmelo Uriarteren berbatan argi dago belaunaldi aldaketa bat gertatu dela, finalerako «bost jarleku berri behe-behetik, azpitik etorri diren lore berriek eskuratu dituzte-eta. Bertsolaritzaren transmisio proiektuak emaitzak ematen ditu», pozgarria dena.

Plazan elkartu

2008ko txapelketan legez, aurtengo finala ere Barakaldoko BEC aretotzarrean jokatuko da. Bertaratzeko arrazoi nagusietarikoa zale kopurua handitzea izan zen. «Sarrera eskari handia zegoen, eta BECek aulki kopurua handitu zein txikitzeko aukera ematen zigunez, bertara jo genuen. Eta aurten ere formula bera erabiliko dugu», agertu digu Uriartek. Modu horretan, aurtengo leloari erantzungo diote, «Plazan alkartuko gara», dagoeneko hiru mila sarreratik gora saldu dira-eta. Sekulako giroa sortu zen orain bi urte BEC-en -lau mila zale inguru bertan zirela- eta aurten ere bertsolari bakoitzak bere zale taldea eraman, eta ederto berotuko da giroa aretotzarrean.

Aretoaz gain, txapel emoilea izan genuen aurreko finalak ekarri zigun berrikuntzetariko bat. Ordura arte txapelketa babesten zuten erakundeek beren gain zuten txapeldunari txapela janztea, eta «orain bi urte lan hori bertso eta euskara munduko norbaitek betetzea proposatu genien instituzioei», Uriartek argitzen digunez. Eta behin Bizkaiko Aldundiak proposamena onartuta, Jon Azpillagak jantzi zion txapela Igor Elortzari.

Aurten, Aita Luis Baraiazarra karmeldarrak beteko du aipatutako zeregina. 1940an jaiotako meñakarra euskaltzain urgazle dugu, eta lan handia egindakoa da bertsolaritza munduan, epaile zein bertso paperetan edo irakaskuntzan, maisua ere izan baita urte luzez bizileku duen Markina Xemeinen.

Bestalde, finala EITBk emango du Internet bidez, eta eitb.com atarian ikusi ahal izango da, zuzen-zuzenean eskainiko dute-eta.

TXAPELDUNA

Lehian diren zortzi bertsolariak, zein finalean izanak zein lehenengoz kantatuko dutenak, inoiz txapela jantzi bakoak direnez, aurten txapeldun berria izango dugu Bizkaian.

Fitxa

Lekua: BEC (Barakaldo).

Data: Abenduaren 18an, larunbata.

Ordua: 17.30ean.

Sarreraren salneurria:

16 euro.

Atzo ikasle zirenak, maisu dira gaur
 

2000. urtean, Arkaitz Estiballes aurreneko bider Bizkaiko Txapelketako finalera sailkatu zenean maisuak zituenekin partekatu zuen oholtza, eta hamar urteren buruan egun ikasle dituenak izango ditu arerio. Izan ere, aurten zortzi bertsolarietatik bostek lehenengo bider kantatuko dute finalean.

1977an jaiotako galdakoztarrarekin batera Onintza Enbeita (1979, Muxika) eta Etxahun Lekue (1979, Larrabetzu), dira orain bi urte BEC aretotzarreko oholtza zapaldu zutenak. Beñat Ugartetxea (1979, Mallabia) eta Eneko Abasolo Abarkas (1976, Iurreta) aurrekoen belaunaldi berekoak izan arren, lehengoz izango dira finalean. Baita 90eko lore berriak ere, Miren Amuriza berriztarra eta Jone Uria algortarra, eta Arrigorriagako Peio Ormazabal, 1992an jaioa eta zortzietan gazteena.

Orain bi urteko finalean kantatu eta aurten BEC zapalduko ez dutenen artean, Unai Iturriaga eta Igor Elorza durangarrek eta Xabi Paia getxoztarrak ez dute txapelketan parte hartu, eta Iratxe Ibarra markinarra ez da finalerako sailkatu, ezta Fredi Paya getxoztarra ere.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo