Mikel Aramendi Kazetaria
Begizkoa egin baliete bezala
«Afpak»-en, nekez aurkituko zuen hormetan zintzilik koadrorik ez maparik; gehienera, AK edo RPGren bat. Eta hango gerra-buruak Daytongo kuartelean itxi eta akordioetara derrigortzeko ganadu aldrebesegiaObamak duela ia bi urte Afganistango gerrarako iragarri zuen estrategia berriari -halakorik benetan izan bada inoiz- begizkoa egin dio baten batek. Amaitzera doan urtea benetan markakoa izan baitu delako estrategia horrek. Etsitzeko modukoa.
Lehendabizi, McChrystal kasua jazo zen: jeneral laxoak bere burua afganiar liztor habiatik kanporatu egin zuen «Rolling Stone» aldizkariari eginiko adierazpenekin. Truman-McArthur iskanbilaren remake erdi-komikoan, Obamak agintea kendu behar izan zion bere tropen buruzagi espartarrari, okerragoak ekiditearren. Arnasa hartzeko betarik gabe, ordea, Wikileaksen dokumentuen lehen zaparrada kaleratu zitzaien uztailean, eta Ameriketako Estatu Batuetako iritzi publikoak ez ezik, mundu osoak nahiko argi ikusi ahal izan zuen gerraren barren itsusia.
Orain, bere agintaldiaren erdi-erdian, estrategia haren balantzea egin eta ondorengo bi urte erabakigarrietarako «doikuntzak» egiten ari zirenean, Clinton andereari bere bulldozerra, Richard Holbrooke hil egin zaio, bihotzekoak jota. Harrigarria egingo zaie iraganean harekin talka egin zutenetako batzuei: errai hori gabekoa zela pentsatzen zuten batzuek.
Egia da Holbrooke, McChrystal jenerala bere onetik aterarazten zuena, ez zela batzuek uste edo nahi bezain erabakigarria izaten ari. «Uste genuena baino askoz egoera gaiztoagoa aurkitu dugu honetan», esan zuen Afganistan eta Pakistanerako ordezkari berezi izendatu eta berehala. Bere lehen ekimenetakoa izan zen «Afpak» akronimoa sortu eta zabaltzea, Afganistan eta Pakistango arazoak korapilatuta zeudela argi uzteko edo. Lehendik ere bagenekiena, egia esan. Korapilo haiek nola askatzen diren ikusi nahi genuen, ordea, eta horretan aurrerapenak baino gehiago atzerapenak kausitu ditugu bi urte hauetan. Hala jakinarazi diote arestian Clinton andereari Dorronsoro, Rashid eta beste hainbat adituk, talibanekin negoziatzen has dadila aholkatuz. Eta horretarako, agian, aukerakoa izan zitekeen Holbrooke...
Balkanetatik Asia Erdialdera tarte handi samarra dago, hala ere. Jugoslavian zebilenean Holbrookek esana da: «Hango buruzagietakoren baten bulegoan sartzen naizenean, hormetako apaingarriei erreparatzen diet lehendabizi. Koadroak badauzka, segituan alde egiten dut, han dagoena ezgauza bat delako. Mapak badauzka zintzilikatuta, ordea, geratu egiten naiz, han dabilena arriskutsua izan daitekeelako». Afpak-en, nekez aurkituko zuen hormetan zintzilik ez koadrorik ez maparik; gehienera, AK edo RPGren bat. Eta hango gerra-buruak Daytongo kuartelean itxi eta akordioetara derrigortzeko ganadu aldrebesegia direla ikasita egon behar zuen.
Zenbat zutoin geratzen zaizkio beraz Obamaren estrategia «berri» zaharrari? Pare bat, gehienera. Bi jeneral: Eikenberry enbaxadan, eta Petraeus McChrystalek utzitako agintean. Politikoak baino politikoagoak, eta aditu asko baino jantziagoak biak.
Bitartean, estatubatuarrek hanka egiten dutenerako neurriak hartzen hasi dira bertakoak. Gasbidea eraikitzeko akordio sinatu berria, adibidez.