GARA > Idatzia > Euskal Herria

Donibane-Ziburuko Gaztetxeak Akotze auzoan jarrai dezan, gazteek hainbat ekimen jarri dituzte abian

Hemeretzi urteko ibilbide luzearen ondotik, Donibane-Ziburuko Gaztetxekoei lekua husteko eskatu die Udalak, segurtasun baldintza eskasak argudiatuta. Gaztetxea bertan mantentzeko xedea azaldu dute gazteek, eta sinadura-kanpaina eta diru-bilketa ekimenak abian jarri dituzte.

p015_f01.jpg

Ainize BUTRON

Donibane Lohizuneko eta Ziburuko inguruetan gaztetxea sortzeko egitasmoa 1989koa da. Donibane Lohizuneko Akotze auzoan dagoen herriko lokal bat erabiltzen hasi ziren, eta Udalaren baimena ere lortu zuten. 1991n izan zen hori, eta ordutik, hemeretzi urtez, hainbat gazte belaunaldik, kontzertu, bilkura, erakusketa eta beste hainbeste ekimenetarako baliatu dute egoitza. Joan den ekainean, ordea, Udalak lekua husteko eskaera egin zien.

«Herriko etxean bilkura bat izan genuen, eta Gaztetxeak segurtasun neurriak betetzen ez dituela-eta, bertatik atera behar ginela erran ziguten», argitu zuten Gaztetxeko kideek. Herriko elkarte guztiak biltzeko, Balcoin auzoan, Ur mendi deituriko gunean eraikitzekotan diren egoitzan kokatzeko proposamena egin zien Udalak. Bertan, 120 metro karratuko gela bat izango zutela esan zien. Udalaren asmoen berri izan bezain laster, Gaztetxeak batzarrera deitu zituen kideak, eta Akotzen gelditu behar dutela erabaki zuten bertan parte hartu zuten guztiek.

«Hemeretzi urte daramazkigu hemen. Oso leku egokia da. Beste elkarte batzuekin lanean ari gara, eta inguruan ez dago etxebizitzarik», goraipatu zuten. Gaztetxearen egitasmoa ez dela Donibane Lohizunek proposatzen duen «esparru eta kontzeptu horretan sartzen» nabarmendu zuten.

Gaztetxeak, beraz, egungo Akotzeko egoitza mantendu eta salbatzeko hautua egin du, eta, horretarako, Udalak aipaturiko «segurtasun neurrien gabezia» beren kabuz konpontzea erabaki dute. «Udalak urtebeteko epea eman digu. Erran diegu ez ginela mugituko. Bi aukera ditugu gaur egun: gauden lekutik joan edo deus gabe gelditu».

Intsonorizatua eta behar bezala ekipatua daukaten lokal batean hamar bat musika talderen entseguak, Djembe eta perkusio ikastaroak, bilkura eta kontzertuak dira, besteak beste, Gaztetxean izaten diren jarduerak. Horiekin batera, lekuko elkarteek ere baliatzen dute. Urtean behin, Akotze auzoko besta batzordeak bertako jaietarako erabiltzen du, eta, Iparkor elkarteak bulego lekua izateaz gain, estudio grabaketak egiten ditu bertan. Noizean behin inguruko elkarteren bati ere ere uzten diete lokala, gaualdiak antolatzeko. Beraz, Akotzen jarraitzeko helburua betetze aldera, hainbat ekimen bideratuko dituzte. Irailean sinadura kanpaina abiatu zuten. Interneten bidez eta lekuko ostatuetan jarri dituzten orrien bidez, bi hilabetean bederatziehun eta mila atxikimendu inguru bildu dituzte, Gaztetxeko kide Odei Barrosok atzo azaldu zuenaren arabera.

Gaztetxearen garrantzia, txosten batean

Horrez gain, Lapurdin azkenaldian izan diren ekimen nagusietan, Baionako Lurrama azokan edo Donibane Lohizuneko bertsolari txapelketan, esaterako, zozketa bat bultzatu dute. Horren bidez bilduriko diruarekin Gaztetxeak Udalak aipatzen dituen arauak bete ahal izateko lanak egiten hasiko dira.

«Herriko etxeak aipatzen dituen arauak betetzeko gure esku dagoena guk egitea erabaki dugu», gehitu zuen Barrosok.

Hasieran obra guztiak beraiek egitea pentsatu zuten, baina, azkenean, lan bakoitzeko «aurrekontuak» eskatzen hasi dira, arloko profesionalei. Horiek guztiak zehaztuz, eta, urteetan Gaztetxeak izan duen ibilbide, partaidetza, kontzertu eta ekimenak azalduz txosten bat osatzeko asmoa daukate. Abenduan zehar edo urtarrilean aurkeztuko diote Donibane Lohizuneko Udalari.

«Frogatu nahi diegu beraien erranak ez duela baliorik. Eskaintzen diguten lokala eraikitzeak Gaztetxearen konponketak baino gehiago balio duela erakutsi nahi diegu. Jakinen dugu zuzen zein diren beren asmoak, hau da, Gaztetxea dagoen lekuan etxebizitzak eraiki?», ondorioztatu zuen Barrosok. Nolanahi ere, Udalak leku berria ireki bitartean, Akotzen jarraitzeko arazorik ez lukete.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo