Bilbon izango da Euskal Eskola Publikoaren jaia, ekainaren 5ean
Hogei urte pasa dira Euskal Eskola Publikoko gurasoek aurreneko jaia Lasarteko hipodromoan ospatu zutenetik. Atzo aditzera eman zutenez, hurrengo edizioa datorren urteko ekainaren 5ean, Bilboko Areatzean ospatuko dute. Denborak aurrera egin badu ere, helburua, berriz, orain hogei urteko berdina izango dela azpimarratu dute: «Eskola publikoa aldarrikatzea, hezkuntza-komunitate eta gizarte osoarekin egun eder bat partekatuz».
GARA | BILBO
Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak (EHIGE) Bilboko Areatzean ospatuko du Euskal Eskola Publikoaren 20. jaialdia, 2011ko ekainaren 5ean. Bilbon bertan egindako agerraldian Ana Puentek, EHIGEko presidenteak, Imanol Zubizarretak, EHIGEko zuzendaritza batzordeko kideak, eta Reyes Lengaranek, Bizkaiko gurasoen koordinatzaileak aditzera eman zutenez, beti bezala, hogeigarren edizioa ere jai parte-hartzailea izango da.
Parte-hartzea sustatzeko asmoarekin, gainera, web orri propioa ere sortu dute –www.ehige-jaia.org–, eta «bertan, iradokizunak egitera eta parte hartzera animatu nahi zaituztegu», deia zabaldu zuten. Jaialdiaren programari buruzko zehaztapen gehiago aurrerago emango dituzte, baina, nolanahi ere, denon gustukoa izan dadin lanean dihardutela aurreratu zuten.
Euskal Eskola Publikoko gurasoek aurreneko jaia Lasarteko hipodromoan ospatu zutenetik hogei urte pasa dira. Zentzu horretan, ordutik gaur arte, herri eta hirietan zehar aritu da EHIGE helburu berberarekin: «Gure eskola aldarrikatzea, hezkuntza-komunitate eta gizarte osoarekin egun eder bat partekatuz».
«Gaur, inoiz baino gehiago, eskola publikoa gure Hezkuntza sistemaren ardatza dela azpimarratu nahi dugu». Hori dela-eta, jaia «hiri garrantzitsuenetako baten bihotzean» ospatzea erabaki dutela esan zuen Ana Puente EHIGEko presidenteak.
«Borondateak batu eta XXI. mendean gure seme-alabek behar duten hezkuntzari begira» lan egiteko beharra nabarmendu zuten atzoko agerraldian.