GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Edu Zabala Irakaslea

EGA titulua desagertzear? Bertandona kolektiboaren tesien garaipen bat?

Zergatik nahasten dituzue zuen adierazpenetan euskalduntze ahaleginak Hezkuntza sistemarekin?

Blanca Urgell Kulturako sailburuak egin du proposamena. Gobernuaren asmoa da, 2012tik aurrera, unibertsitate aurreko ikasketak D ereduan egin dutenei euskara titulu bat ematea, eta karrera euskaraz egiten duten ikasleei EGAren pareko titulua ematea.

Adierazpen hauen harira, gogoeta desberdinak sortu dira han-hemenka eta gaia bolo-bolo dabil, bai kalean, bai Interneten; luzerako emango du seguruenez.

Nik neuk, hasiera batean, azalari erreparatuta, ez nuen gaizki hartu, baina badut halako argi gorri bat, sistematikoki pizten zaidana, noiz eta bere burua abertzale ez izateaz harro dagoen gobernu batek euskara eta euskal kulturaren inguruan ahoa irekitzen duenean.

Irakasle naizenez gero, ezagutzen ditut PSE-PPren Gobernuak egin dituen urrats estrategiko batzuk Hezkuntza sisteman, adibidez, eredu eleanitzarena, Plan de convivencia y contra el terrorismo delakoarena, krisi garaian seigarren mailatik aurrera ikasle bakoitzari ordenagailu bat ematearena (wifi sareek gure umeentzat ekar ditzaketen osasun arriskuekin), eta bukatzeko, IRALEren inguruko birmoldaketarena, euskal curriculuma murriztuz eta profilak lortzeko ikastaroak berpiztuz.

Euskalduntze ahalegin guztiak titulutan itzuli beharko lirateke, berriro azterketarik egin beharrik gabe, dio Kulturako sailburuak. Horrek agian ahaztuta izango dugun hizkuntza gatazka bat dakarkit gogora: Bertandona kolektiboarena, hain zuzen, non modu azkar batean esateko, hizkuntza profilak lortzeko, urteetan ikastaroak izan zituen irakasle talde batek, bere lanpostuen defentsaren aitzakiarekin, egurra ematen zion IRALEren titulazio sistemari, sindikatu unionisten laguntzarekin. Aldarrikapenak, laburbilduz, hau esaten zuen: ahaleginaren izenean, nahiz eta azterketa ez gainditu (oso hizkuntza traumatikoa baitzen beraientzat), eskubide osoa dugu titulua eskuratzeko.

Bukatzeko, hona hemen nire zalantza andana:

-Zergatik nahasten dituzue zuen adierazpenetan euskalduntze ahaleginak Hezkuntza sistemarekin? Edozein Hezkuntza sistemaren helburu nagusia ez dut uste euskalduntzea edo frantsestea edo txinera maila ziurtatzea denik, modu integralean heztea baizik, edo horrela beharko luke. Zergatik kentzen zaio heziketa balio hori orduan D ereduari eta euskalduntze soilarekin identifikatzen da?

-2012an ezarri nahi dute opari sistema hau, eredu eleaniztuna derrigorrez Hezkuntza sisteman ezartzearekin batera. Kasualitatea? Ez dezagun ahaztu ingelesa indartzearen truke, euskara ahulduko dela eta orain arte hizkuntza maila dena delakoa bazen, ezarpenaren ondoren behera egingo duela, seguru; eta gainera, ahaleginaren izenean, gozokiak balira bezala oparituko ditugu euskara tituluak?

-Gauza bera egin beharko duzue, argudio horri jarraituz, ingelesarekin, noski; ala ez? Edo opariak hizkuntza aurreindoeuroparrentzat dira bakarrik?

-Lehen urratsa hau baldin bada, ausartuko zarete Administrazioaren hizkuntza eskakizunak lortzeko dauden tituluak bertan behera uztera, noiz eta Europa mailan dauden beste titulazioekin eman den bateratze prozesuaren ondoren?

-«Ahalegina» bada sistema berri honen «izarra» (nahiz eta Hezkuntza Berriztapenetik «konpetentzia» dela esaten diguten aspertzeraino), eskola porrota ez da birplanteatu beharko?, zeren ikasle askok, ahalegindu arren, ez dute maila lortzen, edozein gaitan; graduatu titulua emango diegu, beraz.

-Eta hezkuntzaz eta ereduez hitz egiten ari bagara, behin eta berriro, zertara dator orduan Kultura Saila izatea proposamen honen igorlea, eta ez Hezkuntza Saila?

-Bukatzeko, ahaleginaren balore berri hau berdindu al daiteke hain ezaguna zaigun lo importante no es ganar, sino participar? Zuek, bultzatzaileek, sinesten al duzue lelo horretan zuen eguneroko politikagintzan? Badakizue, ahalegindu arren, emaitza onik eskuratzen ez baduzue zuen boto-emaileentzat, ez zaretela egongo hurrengo gobernuan, ez duzuela euskal gizartearen azterketa gaindituko. Ez al da horrela izan behar?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo