GARA > Idatzia > Ekonomia

Lakuak espero du Lopez de Gereñurekin patronalarekiko harreman onak jarraitzea

GARA |

Idoia Mendia, Lakuako Gobernuko eledunak Nuria Lopez de Gereñu zoriondu zuen atzo, Confebask patronalak idazkari nagusi izendatuko duelako. Ibarretxeren Gobernuan Garraio sailburua izan zenak Jose Guillermo Zubia ordezkatuko du Confebaskeko buruan datorren urtarriletik aurrera.

Mendiak «Gobernuaren eta enpresaburuen erakundeen arteko harreman ezin hobeak jarraituko duela» espero du, Lopez de Gereñu aurretik EAJko sailburua izan den arren.

Halaber, Juan Antonio Pastor PSEko eledunak espero du EAJk ez diola Confebask politizatzeko edo erabiltzeko «tentazioari men egingo», eta Zubiaren ildoari segida ematea nahiko luke. Leopoldo Barreda PPko eledunak, ordea, izendapenak patronala politizatuko egingo duela esan zuen.

Haren ustez, nabarmentzekoa da Confebasken erabakia, Lopez de Gereñuk ibilbide politiko ezaguna duelako, eta gainera, EAJk bultzatutako hautagai zerrenda moduan aurkezten delako. PPren esanetan, «hau ez da agintaldi berria edo idazkariaren aldaketa egiteko modurik onena».

Bestalde, Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak izendapena goraipatu zuen, lehenego aldiz emakume batek enpresa erakunde batean horren garrantziko kargua beteko duelako.

Zubia 1995etik izan da Confebaskeko idazkaria eta presidente ondokoa izango da, martxoan 65 urte bete arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo