GARA > Idatzia > Ekonomia

ELAk eta LABek kalitate oneko osasun publikoa exijitu dute ospitaleen aurrean

p023_f01_138x100.jpg

GARA |

Gurutzeta, Donostia eta Santiago ospitaleen aurrean egindako elkarretaratzeen bidez, Lakuako Osasun Sailak ezarritako murrizketak salatu dituzte ELA eta LAB sindikatuek. Sindikatuen arabera, aurrezteko asmoz egindako murrizketa hauek osasun zerbitzu publikoen kalitatea gutxituko dute.

Gastua handitzea proposatzen dute sindikatuek, herri aurreratuenen mailara iristeko; eta langileen egonkortasuna berma dadila, gaur egun kontratazioan nagusitzen den behin-behinekotasuna mugatuz eta lan baldintza duinak eskainiz. Izan ere, Osakidetzako langileen %27 halako egoeran dago, sindikatuen datuen arabera.

Bestalde, zerbitzuak pribatizatzeko politika ere bertan behera uzteko, eta orain arte egindako pribatizazioak berraztertzeko exijitu diote Lakuari. Zentzu berean, Osakidetzak dituen baliabideak suspertuz, arlo pribatura desbideratzen diren zerbitzuak murriztu behar direla esan zuten. «Autokontzertazioa» edo aparteko orduak ere mugatzeko beharra nabarmendu zuten.

Ospitaleen itxiera eta ohe kopuruaren murrizketa gelditzeaz gain, osasun zerbitzuetarako ordaindu beharra ezartzeko asmoa helburua bertan behera uztea nahi dute sindikatuek.

Bestalde, Osasun Sailari «benetako negoziazio mahaia» martxan jartzeko eskatu zioten. Izan ere, ELAren eta LABen ustez, Administrazioak SME, Satse eta CCOOrekin sinatutako azken hitzarmena, eskasa izateaz gain, ez du bete ere egiten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo