GARA > Idatzia > Kultura

«Umorea laburrean» jaialdia zortzigarrenez dakar Arrigorriagak Lonbo aretoko pantailara

Atzoko irekiera ekitaldiaren ostean, gaurtik ostiralera 30 umorezko film labur pantailaratuko ditu Arrigorriagako «Umorea Laburrean» jaialdiak. Ondoren, larunbatean, Txantxarria sariak banatuko dituzte.

Anartz BILBAO | BILBO

Lanbarri kultur elkartearen eskutik, Arrigorriagak «Umorea labur» jaialdia hartuko du datorren larunbatera bitartean. Horrenbestez, 30 umorezko film labur aurkeztuko dituzte Lonbo aretoan, «formatu txikiko zinema hurbiletik ikusteko betaurrekoak jantzita ikusteko».

Aurtengoa zortzigarren edizioa du «Umorea labur» zine jaialdiak, atzo inaugurazio ekitaldiarekin abiatu zena. Bertan, Arrigorriaga inguruko gaztetxoek egindako film laburrak erakutsi zituzten.

Lehian 30 film labur izango dira Sekzio Ofizialean, gaurtik ostiralera bitartean Lonbo aretoan botako dituztenak. Hain zuzen ere, eguneko hamar bat pieza botako dituzte gutxi gorabehera.

Antolatzaileen esanetan, «ez da erraza izan jaso diren 128 film laburretatik 30 aukeratzea. Krisiak lanen kalitatean zein kantitatean eragina izango zuela uste genuen, baina ez da horrela izan, edo bai beharbada, baina onerako. Behin hautaketa eginda, gainera, «harro gaude» Sail Ofizialaz, «irriarentzat, barrearentzat zein algararentzat» lekua baitago bertan. Eta generoei begiratuta, «komedia dramatikoa, komedia erromantikoa, umore beltza...», denetarik aurkituko dugu.

Behin film laburrak aurkeztu eta lehian nabarmendu direnak aukeratuta, datorren larunbatean, abenduak 18, Lonbo aretoko sari banaketa ekitaldiak itxiko du aurtengo edizioa. Jon Plazaola Larrañaga barre-eragileak gidatuko duen ekitaldian banatuko dira «Umorea labur» jaialdiko Txantxarriak.

Sariak aipatuta, umorezko lan onenak, Txantxarria ez ezik, 1.200 euro ere jasoko ditu. Zuzendari eta gizon zein emakume antzezle onenek, berriz, 600na euro. Gazteen eta publikoaren sariak ere emango dituzte. Horrez gain, Carlos Juarez zinema ekoizleari emango zaio aurtengo «Bizitza laburrean» Ohorezko Txantxarria -etzi, 22.30ean, bere lanen aukeraketa bat botako dute Lonbo aretoan-.

Lehian

Sekzio Ofiziala 30 film laburrek osatzen dute. Gehienak aurten bertan egindakoak dira; hain zuzen ere, hiru baino ez dira iazkoak. Lanik luzeenak 23 minutu irauten ditu, eta, laburrena, berriz, ez da 2 minutu eta 30 segundora iristen -gehienak 8 eta 18 minutu artean dabiltza-.

Gaurkoan lehen eskukada botako dute. Altunaren «Artalde», Giraldez eta Provencioren «El opositor», Duarteren «No es lo que parece», Moscardoren «Chocapaquete», Alonsoren «Noche sin pan», Mateoren «¡Qué divertido», Alzolaren «Play», San Romanen «Esto no es amor», Khaderren «Reconciliación», Moranteren «Voltereta» eta Perezen «Los gritones».

Bihar, «Un novio de mierda» (Cobeaga), «Mi amigo invisible» (Larcuen), «La piñata» (Arija), «Pichis» (Aledo), «No te miento si adivinas...» (Señor), «Cocodrilo Nilo» (Dampierre), «Burocracia» (Marquez), «Amistad» (Marzoa) eta «Vicenta» (Sam). Eta, etzi, azkenik, «Adios papa, adios mama» (Soravilla), «Mozkor politikoa» (Alonso), «Tonico el munisipal» (Pascual), «Le llaman Puri» (Pendejo), «Trio» (Romano), «El sobrino» (Rubio), «Berlin» (Sanchez), «Camas» (Moreno), «Jugando con la muerte» (Urkijo) eta «Los 4 McNificos» (Davila).

Epaile lanetan, berriz, bost lagun izango dira, bostak ere zinema munduarekin harreman zuzen-zuzena dutenak. Ane Muñoz script eta film labur zuzendariak, Diego Perez publizista eta film labur zuzendariak, Diego San Jose gidoilariak, Pilar Punzano antzezleak eta Gregorio Muro ekoizle eta zuzendariak osatzen dute epaimahaia.

Fitxa

Data: Gaurtik etzira hamarna film labur botako dituzte eguneko. Sari banaketa larunbatean egingo da, 20.30ean.

Tokia: Lonbo aretoa, Arrigorriaga.

Ordua: 20.00etan.

www.humorencorto.com

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo