Julian Zapiain Alonso eta Beñat Amenabar Perurena Atez atekoaren jarraipen batzordeko kideak
Arreta desbideratzeko estrategia
Gai izan behar dugu hondakin kudeaketaren inguruan sortu diren presio taldeak neutralizatzeko eta errotik mozteko
Hernaniko biztanleak erabat murgilduta gaude hondakinen gaikako bilketan, ingurumena zaindu eta defendatzen lan egiten duten erakunde eta pertsona guztiek «jokabide egokien» artean sailkatua duten jardueran alegia.
Sortu ahala, hondakinak bereizteak eta ondoren biltzeak aukera ematen du berrerabilera eta birziklatzea modu egokian kudeatzeko. Ekintza horiek ingurumen aldetik onura ugari dakarte. Ez da txikiena gure kontsumoaren ondorioez sortzen digun kontzientzia, eta ditugun baliabideen izaera mugatuaz sortzen digun konbentzimendua eta jarrera.
Birziklaturiko zaborraren azken helmuga ez da zabortegia eta erraustegia ere ez. Baztertutako materialak ondasun berriak sortzeko aprobetxatzen dira, eta horrekin, lehengaiak erauzi beharra saihesten da, eta energia kontsumoa gutxitzen da, lantzerakoan eta garraiatzerakoan. Esate baterako, aluminiozko lata bat birziklatzen denean, telebista batek hiru ordutan kontsumitzen duen energiaren kantitatea aurrezten da, hortxe nonbait. Aluminio birziklatua duen ondasun batek materiala birjina izatera beharko lukeen energiaren %5 kontsumitzen du.
Hernanin abian jarri den dinamika ingurumenaren aldeko erakundeen arabera ez ezik, zentzu komunari jarraiki ere estrategia jasangarrien barruan sartzen da. Benetako zaborra ahal den gehiena gutxitzeko, ahal den gehiena erabili behar ditugu birziklatzea eta berrerabilera, horrela hondakinak gutxituko baititugu eta alferrikako bilakatuko baitugu zeinahi tratamendu finalista oldarkor, hala nola gai nahasiekiko zabortegiak eta errauskailu toxikoak.
Herritar bati hondakinak bereizten «lana hartzeko» eskatzea elkartasunaren eta erantzukizunaren etika defendatzea da. Ingurumenaren arazoaz kontzientzia hartzea da, besterena ez baizik norberarena egitea, da konbentzitzea norberari eskatzen dion lana baino askoz garrantzitsuagoa dela planeta bideragarri egiteko borroka, eta norberaren ahalegina ezinbestekoa dela horretarako. Balioak dira, bestelako balioak. Komunitate balioak, zentzudunak, arduratsuak.
Nola gerta liteke gaikako bilketa modu hau, non herritarrek hondakinak bereizten dituzten, bereizitako hondakinak atez ate biltzen diren eta ondoren aprobetxatu egiten diren, baztertua izatea, boikotatua izatea eta egunero belztua eta gutxietsia? Zergatik gutxiesten duzue jarduera hau, gupidarik gabe boikotatuz? Zer proposatzen duzue egitea, egungoari boikota egiteaz gain?
Zuek, «mantra» deskalifikatzaileen zabaltzaile zaretenok, informazio manipulatu eta interesatuen hedatzaile zaretenok. Zuek, eguna joan eta eguna etorri, hedabideetan ez zarete gai Hernanin autokonpostatzen duten 636 familiari mezu egokia emateko, ez eta hondakinak gaika biltzeko jokabide egokira moldatzen saiatzen garen herritarren gehiengoari ere. Bilketa sistema honek hamalau lanpostu berri sortu ditu, lekua irabaztea ekarri du gure kaleetan, gure zabor poltsan doanaz kontziente egin gaitu eta horrekin batean partaide bizi dugun ingurumen arazo larriaren konponketan (pentsatu mundu mailan baina zauden tokian egin).
Pena da hondakinak kudeatzeko modurik iraunkorrena eta eraginkorrena eskura edukita, halere, gatazkak sortzea, biztanleon osasunak eta ingurumenaren defentsak beste zeinahi interesen gainetik egon beharko luketenean. Gure planetaren etorkizuna ez ezik, gure iraupena ere horren baitan dago.
Ez gaitezen arreta desbideratzearen estrategia manipulatzailean jausi. Gure arreta arazo garrantzizkoetatik desbideratzen saiatzen dira izaera deskalifikatzaileko informazio uholde hutsalen bitartez. Estrategia hau, era berean, ezinbestekoa da jendeari eragozteko benetan ezagutza funtsezkoak direnez kezka dadin. Zergatik galarazi nahi dira emaitza esanguratsuak gaikako bilketan?
Garaia da epe motzeko etekin partikularren bila dabiltzanen portaera banakako eta taldekakoak errotik mozteko, haiek ez baitute erreparatzen jokaera horrek gainerako herritarroi eta etorkizuneko belaunaldiei ekarriko dizkigun eta dizkien ondorioetan. Gai izan behar dugu hondakin kudeaketaren inguruan sortu diren presio talde horiek neutralizatzeko eta errotik mozteko. Soberan daude gizarte moderno eta aurrerakoian.