Emakumea Pilotariren finalak, larunbatean
GARA | DONOSTIA
Larunbatean amaituko da ezker hormako Emakumea Pilotari Txapelketaren bosgarren edizioa. Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatuko dira finalak, 16.00etan hasita, eta Gipuzkoako jubenil mailako finalak emango dio hasiera jaialdiari. Ondoren iritsiko dira maila nagusietako bi partida erabakigarriak.
Lehen Mailako finalean bi pilotari beterano neurtuko dira atzeko koadroetan, ez hainbeste adinarengatik, duten esperientzia zabalagatik baizik. Maider Mendizabal eta Nagore Arozenaren arteko lehia ikusteko modukoa izango da zalantza barik. Hiru aldiz neurtu dituzte indarrak frontoiko finaletan eta hirurak lehenak irabazi ditu, beraz, Arozena lizartzarra bere balioa erakusteko gogotsu kantxaratuko da. Aurrean, berriz, txapelketa osoan zehar lan txukuna egin duten Maite Redondo oriotarra eta Miren Zabala azpeitiarra arituko dira nor baino nor.
Bigarren Mailako finalean, aldiz, Hernani pilota elkarteko bi atzelari, Gutierrez eta Perez, eta Altzako bi aurrelari, Lendinez eta Bañales, neurtuko dira. Ligaxkan elkarren kontra jokatu zutenean Bañales eta Perez nagusitu ziren, partida gogor bezain estu baten ondoren, 30 eta 25eko emaitzarekin. Beraz, ez dago pronostiko argirik.
Esan bezala, jaialdia jubenil mailako Kutxa sariaren finalarekin hasiko da. Aurrez aurre izango dira Miren Goikoetxea-Maider Huizi eta Amaia Irazustabarrena-Maider Semper. Hernaniarrak denak, herritarren animorik ez zaie faltako.