Parte-hartzea bultzatuz sortuko dute Araba Euskaraz jaiko kanta
Zuriñe ETXEBERRIA |
Ekainaren 19an Laudion ospatuko den Araba Euskaraz jaiko kanta egiteko abian jarritako egitasmoa aurkeztu zuten atzo Gasteizen, baita saltzeko atera duten materiala ere. Hizlariek kantuz bukatu zuten agerraldia. Izan ere, datorren urteko jaiko leloa «Bagare» izango denez, Gontzal Mendibil beraren laguntzarekin kantatu zuten Juankar Bermejo eta Zaloa Aldatz Laudio ikastolako ordezkariek abesti ezaguna. Zeanuriko kantariak gogoratu zuenez, 1974an jo zuen lehen aldiz jendaurrean, Otxandion.
Orain artean Araba Euskaraz jaiko edizio guztietan erabilitako eskematik aldendu eta «berrikuntzaren bat sartzearren», «Bagare» abestia oinarritzat hartuta kanta ezagunaren bertsio berriak egiteko ekimena jarri dute martxan Laudio ikastolako ordezkariek. Partaidetza bultzatzeaz gain, «gaurkotasuna» ere bilatu nahi izan dute.
«Denei eman nahi diegu parte hartzeko aukera: bakarlariei, taldeei, koroei, bandei, txarangei... Estilo guztietara zabalik ere bagaude, noski: rocka, folka, jazza, rapa, reaggea...», azaldu zuen Zaloa Aldatzek. Egitasmoan talde ezagunek zein lehen urratsak ematen ari diren musikariek har dezakete parte. Egindako bertsioak, lau haizetara zabalduko dituzte Internet bidez.
Horiek horrela, Laudioko ikastolako ordezkariek eta Gontzal Mendibilek deialdia egin zuten egitasmoan ahalik eta jende gehienek parte har dezan. Jakinarazi zutenez, 2011ko Araba Euskaraz jaiko abesti proposamenak arabaeuskaraz@ikastola.net helbidera edota Laudio ikastolara bidal daitezke.
Materiala salgai da jada
Bestalde, salmentarako atera duten materialaren aurkezpena ere egin zuten. Elastikoak, jertseak eta bestelako materiala Laudion bertan eta Gasteizeko Aiztogile kaleko 27. zenbakian izango da salgai.
Laudio ikastolako ordezkariek azaldu zutenez, salmentarako materiala egiterakoan «bai euskarari leloa eta irudia» ekarri nahi izan dituzte gogora.