GARA > Idatzia > Euskal Herria

Salaketak jarriko dituzte Donibane Lohizuneko istiluetan zaurituek

Joan den ostiralean Donibane Lohizunen izandako elkarretaratzean kolpatuak izan ziren bi emakumeek, Daniele Goñik eta Maite Etxeberrik, prentsaurrekoa egin zuten atzo. Lehenari zazpi grapa jarri behar izan dizkiote zauria ixteko, eta bigarrenak, zauritua ez ezik, atxilotua ere izan zenak, urtarrilaren 6an epaitegian aurkeztu behar du, bi poliziari eraso izana leporatzen diotelako. Biek salaketak jarriko dituzte.

Ainize BUTRON |

Aurore Martinen aurkako euroagindua salatuz joan den ostiralean iragandako «borroka egunean» Donibane Lohizunen egin zuten elkarretaratzean poliziek eragindako «neurrigabeko bortizkeria» gogora ekarri zuen atzo Askatasunak.

Horren karietara antolaturiko ekimenen artean, ostegun gauean Lucien Delgue Armendaritzeko auzapeza, eta Daniel Poulou diputatua esnarazi zituzten, Auzapezen Biltzarrak adostutako salaketa agiriarekin bat egin ez zutelako. Horrez gain, beste hainbat herritan bezala, Donibane Lohizunen elkarretaratzea egin zuten, udal kontseilua bildua zelarik, Michele Alliot-Marie herrian zinegotzi denez bertan izango zela-eta, beren aldarrikapenak entzunarazteko.

Poliziak «bortizki» jo zuen beraien aurka. Daniele Goñi, 50 urteko emakumea zauritu, eta Maite Etxeberri kolpatu eta atxilotu egin zuten.

Zauri eta kolpe horiengatik zehaztu gabeko pertsona baten aurkako salaketa aurkeztekotan direla jakinarazi zuen Emilie Martin Askatasuneko ordezkariak. «Danielek egina du, Maitek, berriz, azken artatzeak itxaroten ditu egiteko».

Daniele Goñik eta Maite Etxeberrik aukera izan zuten atzo beren lekukotasuna emateko.

Goñik azaldu zuenaren arabera, elkarretaratzera bertaratu eta pankarta aurrean jarri zen. Poliziek erasora jo zutenean, «buruan kolpe bat hartu» zuen eta lurrera erori zen, ezin altxatuz. Buruan zazpi grapa jarriak dizkiote zauria ixteko, eta, ezkerreko ukondoan kolpea dauka. «Zortzi eguneko lan geldialdia jarri didate. Poliziak izigarri bortitzak ziren», nabarmendu zuen.

Lurrean ostikoka

Maite Etxeberrik herriko plazatik irteteko «ihesaldia abiatu» zuela, motxilatik heldu eta lurrera bota zutela argitu zuen.

«Esku-burdinak jarri zizkidaten. Lotua nintzela esku ukaldiak eta zartakoak jotzen zizkidaten. Gero, ostikoak hanketan. Altxatu nindutelarik, betiere esku-burdinak jarrita, herriko etxean atxiki ninduten. Min handia neukan, baina ez zituzten esku-burdinen gakoak aurkitzen», salatu zuen.

Atxiloturik Baionako komisariara eraman zuten Maite Etxeberri. Gau osoan ez zioten lo egiteko aukerarik eman, eta goizeko ordu bi eta erditan egin zioten galdeketa. «Hogei minuturo esnatzen ninduten», gehitu zuen. Biharamunean, goizeko hamaiketan atera zen komisariatik, eta, bertan jakin zuen bi poliziari «eraso egin» izana leporatu ziotela.

Ondoko urtarrilaren 6an hitzordua dauka Maite Etxeberrik. Epaiketarik ez izatearen truke «gizarte lanak» egitea proposatuko diote. «Tranpa bat egiten dute, tratua onartuz gero, zure errua onartzen duzulako, eta zure kontra zabaldutako txostenaren mamia ezagutzeko ere aukerarik ez duzulako, txosten polizialaz jabetzeko auzitegira jo behar duzulako», argitu zuten Askatasunak. Maite Etxeberrik ez du oraindik salaketa aurkeztu, baina ondoko astean egitekotan zegoela esan zuten.

PROZEDURA ETETEA

Maite Etxeberriren aurka abiatu den prozedura bertan behera uzteko eskatu zuen Askatasunak atzoko agerraldian. «Kolpeak eta mespretxua erabiliz erantzuten diete aldarrikapenei», salatu zuen.

Aurore Martin Espainaratzeko asmoa salatu du Biltzarrak

Auzapezen Biltzarreko administrazio kontseiluak irmoki salatu zuen Aurore Martin Espainaratzeko erabakia, frantsesez zabaldutako agiri baten bidez.

«Espainiak egindako eskaera hori oinarritzeko argudio bakarra bilkuretan parte hartu izana, edo prentsa artikuluak idatzi izana baino ez bada, hau da, frantses legeen arabera inondik ere debekatzen ez diren jarduerak, horren aurka irmoki azaltzen gara», dio Auzapezen Biltzarrak plazaratutako agiriak. Estradizio eskaera horren helburu bakarra «pertsona bat, bere familia eta hurbileko lagunak suntsitzea» dela nabarmentzen du salaketa agiriak. Jarraian, ohartarazten du prozedura horren bidez zilegitzen dutela euskara, euskal kultura eta euskal nortasuna «zangopilatuak» izatea, eta «gure aita-amek eta senideek pairatu duten erruduntasun sentimendu kolektiboa» iraunarazten dutela horrela.

Azkenik, Auzapezen Biltzarra Batasunaren jarrera politikoarekin bat ez etorri arren, nabarmentzen dute onartezintzat jotzen dutela «iritzi politikoari loturiko gertakari batzuengatik» Aurore Martin Espainian kondenatua izatea. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo