Preso serbiarren organoekin trafikatu izana egotzi diote Kosovoko lehen ministroari
Europako Kontseiluaren ikerketa baten arabera, Hashim Thaçi lehen ministro kosovoarra serbiarren organoekin trafikatzen zuen sare baten buru izan zen. Kosovok dio gezurra dela, herrialdearen independentziaren aurkakoek zabaldua. Serbiarrentzat, berriz, ikerketarako atea da.
GARA |
Kosovon 90eko hamarkadaren amaieran hilketak egin eta giza organo zein drogekin trafikatzen zuen sare baten buru izan zen Hashim Thaçi lehen ministro kosovoarra, Europako Kontseiluko parlamentu-biltzarrak asteleheneko azken orduan publiko egin zuen ikerlan batek adierazten duenaren arabera.
Dick Marty izan da txostengilea, biltzarreko Giza Eskubide eta Lege Gaietarako aditua. Liberal-demokrata suitzar horrek berak utzi zuen agerian, 2007an, gobernu europarrek CIAren hegaldiekin zuten lotura.
«Kosovoko Errepublikako Gobernuak eta Hashim Thaçi lehen ministroak behar beste urrats emango dituzte, bide legal eta politikoak barne, Dick Martyren kalumniak gezurtatzeko», adierazi zuen Pristinako Exekutiboak, txostena ezagutu ondoren igorritako oharrean.
«Norbaitek Thaçi kaltetzeko asmoa duela argi dago, are gehiago herritarrek babesa eman diotenetik, garapenerako programarekin eta herrialdeko gobernuarekin aurrera jarraitu dezan», zehaztu zuten.
Izan ere, Thaçi Kosovoko mafia eta krimen antolatuaren baitan «funtsezko aktore» izan zela dioen ikerketa, Thaçi buru duen Alderdi Demokratikoa (PDK) igandeko bozaldietan garaile atera eta hurrengo egunean eman da ezagutzera. Oposizioak salatu duenez, iruzurra egon zen independentzia lortu zenetik herrialdean eginiko aurreneko hauteskunde hauetan.
Kosovo Askatzeko Armada
Martyren esanetan, Kosovo Askatzeko Armadako (UCK) buruek inpunitatea izan dute «zuzenki edo zeharka, UCK-ko goi-karguek egindako erailketetan». Hilketok, betiere txostenaren arabera, giza organoen trafikoa zuten xede, besteak beste.
Serbiak espero du, bere aldetik, aipatu txostenak bultzada ematea Kosovo eta Albanian preso serbiarren organoekin ustez burutu zen trafikoaren inguruko ikerketa serio bat egiteko.
Gerra krimenetarako Serbiako fiskalaren ondokoak, Bruno Vekaricek, «oso positibotzat» jo zuen txostena, «biktimen, bahituen eta desagertuen senideei esperantza itzultzen dielako». Vekaricek gogoratu zuenez, Kosovoko eta Albaniako agintariek entzungor egin zieten Belgradoren eskariei, UCK-ko gerrillariek ustez bahitu eta eraildako serbiarren gaineko ikerketa bat galdegin zuenean.
Belgradok 2008. urtean esan zuen froga nahikoa bazegoela serbiarren organoen trafikoaren inguruko «ikerketa serioa» abian jartzeko.
Europako Batzordeak «oso serio» hartzen ditu Martyk aipatutakoak, baina lehen ministro kosovoarraren loturaren inguruko frogak eskatu ditu, Maja Kocijancic bozeramaileak esan zuenez.
Europar Batasunak Kosovon hedatua duen misio polizial eta judiziala, Eulex, «eskuragarri dauden informazio eta froga guztiak» biltzen ari da, Thaçi giza-organoen trafikoan aritu zela egiaztatzeko.