GARA > Idatzia > Ekonomia

Prezioek gora egin dute azaroan, %0,9 Nafarroan, eta Gipuzkoan, berriz, %0,2

Nafarroan igo da gehien KPI, prezioak %0,9 garestituta. Bizkaian %0,6koa izan da igoera, %0,5ekoa Araban eta %0,2koa Gipuzkoan. Urtebetean berriz, %2tik gora garestitu dira prezioak Hego Euskal Herrian.

GARA | DONOSTIA

Hego Euskal Herri osoan garestitu egin ziren prezioak pasa den azaroan. Prezioen gorakada handiena Nafarroan izan zuten, %0,9 hazi baitzen kontsumo prezioen indizea (KPI) urriarekin alderatuta. Jarraian, Bizkaian, %0,6 igo baitzen KPI, %0,5 Araban eta azkenik, %0,2 Gipuzkoan.

Beraz, urte arteko tasa, 12 hilabeteetan prezioek izan duten bilakaera islatzen duena alegia, %2,4koa da Araban, %2,3koa Bizkaian eta %2,1ekoa Gipuzkoan eta Nafarroan. 2010. urteko 11 hilabeteetan pilaturiko tasa berriz, %2,5ekoa da Araban, %2,3koa Bizkaian eta Gipuzkoan eta %2,1ekoa Nafarroan.

Azaroan inflazioren hazkuntza handiena izan duen sektorea jantzi eta oinetakoena izan da. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban %4,1 garestitu zen, eta Nafarroan %8. Jarraian, garraioaren prezioa %0,8 hazi zen Hego Euskal Herri osoan. Etxebizitza sektorean ere gora egin zuen KPIak, hain zuzen, %0,6 Nafarroan eta %0,2 Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Hezkuntzari dagokionean, %0,1 garestitu zen Nafarroan, Bizkaian, Gipuzkoan nahiz Araban.

Beste aldean, prezioek behera egin zuten azaroan aisia eta kultura arloan, %0,9 Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban eta %1 Nafarroan. Medikuntzan ere jaitsi egin ziren prezioak, kasu honetan, %0,1 Nafarroan eta %0,2 Hego Euskal Herriko gainerako hiru herrialdeetan.

2010. urtea hasi zenetik, 11 hilabeteetan beraz, edari alkoholdunak eta tabakoa da gehien garestitu den taldea, %8,5 herrialde guztietan. Jarraian, garraioak jasan du prezio igoera handiena, %6,8ren bueltan Hego Euskal Herri osoan. Etxebizitza ere dezente garestitu da, %5,8 eta %4,9 Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) hurrenez hurren. Hezkuntzaren prezioak %2,3 egin du gora azken hamaika hilabeteetan Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, eta %2,1 Nafarroan. Azken hilabeteetan inflazio handiena jasan duen multzoa berriz, jantziak eta oinetakoak alegia, urtea hasi denetik %3,3 hazi da EAEn eta %2,2 Nafarroan.

Era berean, tarte honetan aisia eta kultura %2,7 merkatu da Nafarroan eta %1,7 Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban.

Azkenik, urte arteko inflazioari erreparatuta, edari alkoholdunen eta tabakoaren prezioak jasan du igoerarik altuena, %8,3 EAEn eta %8,7 Nafarroan. Garraioa %6,4 Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban eta %6,2 Nafarroan. Beste aldean, komunikazioen alorra izan da urtebetean prezio beherakada handiena jasan duena, %0,8 Nafarroan eta hamarren bat gutxiago EAEn.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo