GARA > Idatzia > Kultura

Olentzerok pop-rock doinuak kantatuko ditu Donostiako Kursaalen

«Olentzero & Co!» ikuskizuna Donostiako Kursaalera iritsiko da hilaren 30ean. Ohiko gabon kantak gaur egungo musika estiloekin uztartuko dituzte haurrei zuzendutako musikal modernoan.

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Gabonetako ikuskizunak aldatu egin direla dirudi, bai behintzat Bergara aldean. Izan ere, Oihan Vegak eta Txemi Etxebarriak «Olentzero & Co!» musikal modernoa sortu dute. Pop-rock erritmoetan oinarritutako emanaldian, musika latinoak eta tango, dance eta techno doinuek ere badute lekua. Donostiako Kursaalen hilaren 30ean, 17.00etan, egingo den emanaldian betiko gabon kantak ere entzun ahal izango dira, noski.

Izenak berak dioen moduan, Olentzeroren inguruko istorio bat kontatzen da musikalean. Hori bai, «Olentzero berritu, moderno eta ezberdina» ikusiko da oholtza gainean. Ikazkin ezagunak, kantatu eta dantzatu ere egingo du Kursaalen. «Paper ederra da. Inoiz egokitu zaidan paperik politena», nabarmendu zuen Olentzeroren lanak egingo dituen Karlos Etxanizek.

Peru gaztea triste bizi da gurasoak istripuz hil zirenetik. Hori dela-eta, Olentzerori gutuna idazterakoan, zoriontsu izatea eskatuko dio opari gisa. Aldiz, bere amaordea den izeba maltzurrak gutuna apurtuko dio, eta, ondorioz, Peru Olentzeroren bila abiatuko da bidean topatuko dituen iratxoen, lamien, Anbotoko Mariren edota Mari Domingin beraren laguntzarekin.

Oier Arevalillo 9 urteko haurrak antzezten du Peruren papera. Bergararra 60 haurren artean egindako casting batean hautatu zuten, eta musikaleko arduradunak oso pozik daude egin duen lanarekin. Ez da gutxiagorako, Arrasateko Amaia antzokian egindako hiru emanaldietan bildutako ikusleak altxatu egin baitziren musikala amaitutakoan Oierren lana txalotzeko. Eibarko Coliseoko bi emanaldietan ere berdina gertatu zen. «Musikala oso luzea denez, lan oso zaila izan da. Asko entseatu behar izan dut -onartu zuen Arevalillo berak atzo Donostian-. Jendeak oso ondo egin nuela esan zidan Arrasaten eta asko txalotu ninduten, ozen gainera. Oso pozik nago».

Broadway eredu

Oholtza gainean 150 pertsona izango dira eta arte eszeniko guztiak bilduko dira ikuskizunean. Aktoreak, abeslariak, abesbatzak, dantzariak, akrobatak, txotxongiloak bilduko dira Kursaalen, eta zinemak lekua izango du ikuskizunean. Tramoiari eta teknikariekin, 200 pertsonek hartuko dute parte emanaldian.

Aurreko emankizunetan gertatu bezala, Kursaalerako sarrerak ere agortuta daude jada. Izandako arrakasta ikusita, Arrasaten Goiena Telebistak grabatutako DVDa salgai jarriko dute. Oihan Vegak azaldu zuenez, ETBrekin negoziazioetan ere ari dira.

«Olentzero & Co!» musikala euskaraz egindako formatu handiko lehen jatorrizko musikala dela adierazi zuen atzokoan Oihan Vegak. Izan ere, nahiz eta aurretik hainbat musikal egin diren, itzulpenak edo moldaketak izan dira guztiak. Adibidez, «Olentzero & Co!» ikuskizuna prestatu duten kide berek «Miserableak» musikala eskaini zuten Victoria Eugenia antzokian. Oraingoan, aldiz, Oihan Vega berak euskaraz sortutako lana bilakatu dute musikal.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo