KRONIKA | BILBOKO KAFE ANTZOKIAREN 15. URTEURRENA
Nerabe sasoiz, heldu izatez, eta beste hamabost urte betetzeko itxaropenez
Hasiera hartan ametsa zena era batera edo bestera gauzatzen lagundu ziguten adiskide guztiekin» ospatu zuen atzo Bilboko Kafe Antzokiak bere 15. urteurren festa.
Bete-bete eginda zegoen Bilboko Kafe Antzokian etxe giroan bildu ziren atzo 1995eko abenduaren 15az geroztik familia bat osatzen joan diren lagun eta euskaltzaleak. Euskal kulturako aurpegi ezagunak, euskara irakasleak edota euskarara hurbildu berri diren ikasleak, guztiek egin zuten bat Bilboko erdigunean kokatutako «Euskararen Herrian».
Atzera begira
Hamabost urte pasa dira helduen euskalduntze lanetan zebiltzan hainbat lagunek pausu erabakigarri bat ematea erabaki zutenetik. «Gure hirian Euskararen Herria osatzen zuten eta hura osatu nahian ari ziren lagunei arnasbide berriak emateko asmoz» jarri zuten Kafe Antzokia egitasmoa martxan. Horretarako, Gabriel Aresti euskaltegiko irakasleek San Vicente zinema aretoa eraberritu eta erabilera anitzeko areto bilakatu zuten.
Honela, zazpi solairuko eraikin batean, Kafe Antzokia bera sortzeaz gain, Gabriel Aresti euskaltegiaren atal bat, Bilbo Hiria irratia, Kurkuluxetan umegunea, Gara argitaletxea eta beste zenbait zerbitzu antolatu zituen Zenbat Gara elkarteak, «euskaldunok apur bat hurrago eduki genezan Bilbon bertan Euskararen Herri hori».
Egitasmoa gero eta indar handiagoa hartzen joan da, eta, batez beste, 250 kultura emanaldi eskaintzen ditu urtean, 3.500 ekitalditik gora sortu zenetik. Ereduari jarraituz, Ondarroan eta beste zenbait lekutan ere sortu dira kafe antzokiak, «eta ez dira gutxi atzerritik planteamendu eta kudeaketa modu hau aztertzera hurbildu diren lagunak», azaldu zuten.
Bizkaiko hiriburuaren erdi-erdian, «euskaldunak ez ezik, erdaldunak ere euskarara eta euskal musikara hurbilarazteko lana egin du», adierazi zuten. «Erdaldun askok euskararekin eta euskal doinuekin lehenengo kontaktua berton izan dute eta kanpoko jende askorentzat ere Bilboren kultura eta aisialdi erreferentzia nagusietako bat dugu Kafe Antzokia».
Ane ARRUTI