GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Erremontea Material aukeraketa

Eguneroko lanaren espezialistarik onenak

Zeberio II.ak jokatutako sei finalak irabazi ditu eta Urriza finalera iritsi da parte hartu duen lau aldietan.

p029_f01_555x555.jpg

Jon ORMAZABAL

Beharbada buruz buruko txapelketaren eraginez, egon badaude erremontean izen handiagoko pilotariak, baina inork ezin izango du ukatu, bihar Galarretan jokatuko den Binakako Txapelketaren finalean kirol honen muina den jokamoldeko espezialistarik onenak arituko direla aurrez aurre, batez ere aurreko koadroei dagokienean.

Zenbakiek behintzat, baieztapen horri arrazoia ematen diote, Zeberio-Ion eta Urriza-Etxeberria III .aren artean hamaika final baitituzte bizkarrean. Bi atzelariek txapeldunordetza bakarra lortu dute, baina bi aurrelarien estatistikak benetan kontuan hartzekoak dira. Patxi Zeberioren kasuak ez du beste edozein kiroletan aurrekari askorik izango, izan ere, orain arte sei final jokatu baititu eta seietan txapela jantzi ahal izan du, azkena iaz, Badiolarekin.

Elduaindarrak ondo daki aurretik egindakoak ez duela ezertarako balio izaten, «garaipenak berehala ahazten ditut», baina lehen eguneko ilusio bera mantentzen omen du zazpigarrena janzteko. Bikoteko beteranoena izanda, badaki erantzukizuna bizkar gainean izango duela, baina era berean badaki berak bakarrik ezin izango duela bikote nafarra garaitu. «Hala dirudi, txapelketa asko daramatzat, hau zazpigarren finala izango da. Sei txapel irabazi ditut eta nik izan dezaket erantzukizuna. Baina nik bakarrik ez ditut partidak irabazten, Ion lan garrantzitsua egiten ari da eta irabazteko biok jokatu behar dugu ondo. Ni bera lasaitzen saiatuko naiz ea txapela irabazterik dugun», adierazi zuen atzoko aukeraketan.

Javier Urriza iruindarrak antzerako eraginkortasuna lortu du, baina bere kasuan finalekin. Orain dela lau urte egin zuen debuta txapelketan eta urtero-urtero finaleraino iritsi da, bi garaipen eta porrot bat jasoz.

Ligaxkako aurrekaria

Aurtengo txapelketan ere bete-beteko eraginkortasuna lortu du Etxeberria III.arekin batera, izan ere, jokatutako partida guztiak irabazi baitituzte, baita ligaxkan finalean aurkari izango dituzten Lizaso-Ionen aurkakoa ere, 40-38ko emaitzaz. «Partida gehienean dominatu egin gintuzten, baina azkenean, zorte apur batekin, emaitzari buelta eman ahal izan genion. Ez zen partida ona izan, baina orain hobeto gaude. Ez dugu lehen egunetako urduritasunik eta lana ondo egin izanak ematen duen lasaitasuna daukagu, nahiz eta finaletan beti agertzen den urduritasuna».

Partida hartan egin bezala, bikote nafarrak nahikoa argi dauka zein izango den finala irabazi ahal izateko erabili beharreko taktika. «Batez ere gure jokoa egitea izango da, ondo berotuta sartu partidara eta gure artean hitz egin ditugun gauzen artean Zeberio saihestu eta Ion bilatzen saiatuko gara, bera baita teorian bikotearen alderik ahulena. Baina betiere burua galdu gabe, Ion atzean oso sendo dagoelako eta horrekin bakarrik ez dugulako irabaziko».

Ion azpeitiarrak lau urte daramatza binakako txapelketa batean berriz ere protagonista izateko zain, Koteto Ezkurrarekin batera 2005eko finala galdu zuen eta orduan egindako akatsak ez errepikatzea du buruan. «Orduko hartan nahiko urduri eta trakets ibili nintzen, baina ibilbide honek lasaiago irteten eta daukadana ematen lagunduko didala iruditzen zait».

Aurkariek ez bezala, Urtasun-San Miguelen aurkako finalerdian kitarako partida jokatu behar izan zuten, baina honek, kalte baino, mesede gehiago egin diela iruditzen zaio azpeitiar atzelariari. «Nik uste dut finalerdietako bigarren partida hori galdu izanak mesede eta guzti egin digula. Egun hartan nahiko erlaxatuta irten ginen eta hirugarren partida hori jokatu beharrak erritmoa eman digu eta oso garrantzitsua izango da», azaldu zuen.

Materialarekin lau pilotariak gustura irten ziren eta ez da alde horretatik aitzakiarik izango.

Pronostikoak

Ez dago faborito argirik, baina badirudi pronostikoak bikote nafarrarekin daudela, ez dituzte-eta alferrik irabazi orain arte jokatutako partida guztiak.

taktika

Urriza eta Etxeberria III.ak ez zuten ezkutatu, ligaxkan egin bezala, euren jokoa Zeberio saihestu eta Ion bilatzea izango dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo