Lucio Tabar, Luisa Jusue, Chema Berro Dale Vuelta-Bira Beste Aldera kolektiboko kideak
Banaketaren alde. Horren erraz, horren zaila
Banaketa hurbilenetik bultzatzea, gure lantokietatik bertatik hasita, dugu langabeziari aurre egiteko era bakarra; esan nahi baita, banatzeko prest egondaDale Vuelta-Bira Beste Aldera deshazkundearen aldeko mugimenduaren iritziz, boteregune ekonomikoek langileoi saltzen dizkiguten azterketa eta konponbideetako asko ez dira errealistak, izan ere, munduko oraingo egoerari ez diote erantzuten, eta, batez ere, ez dute etorkizunik ez ikuspuntu sozialetik, ez ekologikotik.
Langabeziak, pobreziak, ezberdintasun sozialek... arazo guztiek omen dute konponbide berbera: garapena, hau da, hazkunde ekonomikoa. Baina ikusi nahi ez badute ere:
Mugatua den munduan, ezinezkoa da mugarik gabeko hazkundea. Planetaren gaitasuna gainditua dugu egun, eta honen ondorioak (klima aldaketa, baliabideen agortzea, kutsadura, basamortutzea...) hasiak gara ikusten, larrienak (gerrak, goseteak, migrazioak...) herrialde behartsuen biztanleek jasan behar izaten badituzte ere.
Garatutako gizarteetan erdiko bizi-maila duen langile baten kontsumo-neurria ezin da munduko biztanle guztiengana zabaldu (are gutxiago, jakina, aberatsen kontsumo-maila). Aldi berean, gizarte barneko ezberdintasunak gero eta handiagoak dira: aberatsak are aberatsagoak dira, eta gero eta lagun gehiagok, berriz, ez du oinarrizko beharrak asetzeko aski.
Kontsumoaren aurrean, bermeak eta eskubideak: «Krisi egoeratik ateratzen» saiatzeko, indarrean jartzen ari diren neurriak eta hauen ondorioak ikustea besterik ez dago. Orain dela urte pare bat, banku eta finantza-entitateei eusteko, diru publiko guztia gutxi bazen ere, egun, entitate hauek beraiek behartzen dituzte estatuak zerbitzu publikoetarako gastuak murriztera. Orain dela urte pare bat, mugarik gabeko diru-goseak eta gauza guztien gainetiko etekin-nahiak, bai finantza-sistema bera, bai neoliberalismoaren oinarri ideologikoak kili-kolo jarri zituzten. Egun, behin diru publikoari esker indarberriturik, finantza-sistema hori bera (NDFk eta Europako gobernu neoliberalenek lagunduta), babes sozial eta zerbitzu publikoen aurkako eraso itzela ari da gauzatzen Europa osoan. Arrazoi osoz, Maiatzaren Lehenean, frantses Estatuko sindikatuek salatu zuten Greziako krisiaren atzean, hasieran herri horretako eta ondoren Europa osoko pentsio-sistemak pribatizatu nahia dagoela.
Krisia gizarteko behartsuak ari dira ordaintzen (zenbat eta pobreago orduan eta areago) eta onurak, aberatsak ateratzen. Eta bi multzo horien artean, gizartearen zati handia (maila oneko langileak barne) kezkatuago, dirudienez, norbanako kontsumo-mailari eusterik izanen ote duen, denon eskubide sozialak (osasuna, irakaskuntza, lan baldintzak, pentsioak...) defendatu beharrean.
Argi eta garbi erakutsi digute: krisitik ateratzeko neurriek kapitalarentzako laguntza eta lanarentzako estutasuna dakarte, etekinak jarriz biztanleriaren ongizatearen aurretik.
Eta ondoriorik larriena, langabezia, ekonomikoan ez ezik, bizitzaren arlo guztietan ere eragiten duena.
Langabeziari ez, banaketari bai: Hazkunde ekonomikoak (Noiz? Hemendik bost, hamar urtera? Inoiz ez?) enplegua sortu eta langabezia desagerraraziko duelako itxaropen ustelaren aurrean, dagoen enplegua hobeki banatuz, orain eta hemen irtenbidea ematen hastea da gure proposamena. Gure esku dagoen eta benetan langabezia desagerrarazi ahal duen neurri bakarra, gure ustez.
Horretarako, honako proposamen hauek egin daitezke:
1. Aparteko orduak errotik ezabatu eta hauen ordez lanpostu berriak sortu. Edo kontratu berrien bidez bete beharko diren lanordu arruntengatik trukatu.
2. Lanaldiaren murrizketa garrantzitsuak, aldarrikapenen artean lehenengo lerroan jarri, enplegua neurri berean sortzeko bideak bultzatuz. Lanaldi murrizketa hauek, soldata igoeren gainetik, baita hauen jaitsiera badakarte ere, bultzatuko dira; betiere, soldatarik altuenak jaitsaraziz, lansarien arteko ezberdintasunak murriztea helburu.
3. Borondatezko lanaldi murrizketak, eszedentziak, librantzak, ordezkapen kontratuak, aldez aurretiko erretiroak... bultzatu, ahalik eta erarik malguenak erabiliz, langileek aukera ditzaten; betiere, murriztutako lanorduak kontratu berriekin betez.
Banaketa hurbilenetik bultzatzea, gure lantokietatik bertatik hasita, dugu langabeziari aurre egiteko era bakarra; esan nahi baita, banatzeko prest egonda.