GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lapatxen jarduna zalantzan jarri dute Oiartzun, Usurbil eta Hernaniko udalek

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa erakundeak atez ateko bilketa egiten duten herrietan organikoaren kalitatea «txarra» dela esan arren, hiru herri horietako udalek aurkako frogak atera dituzte. Lapatxeko konposta plantak ez duela behar bezala funtzionatzen esan dute.

p017_f0261350.jpg

Janire ARRONDO | HERNANI

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa entitateak (GHK) iragan urriaren 5ean Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo udalei hiru herri hauetatik Lapatxeko plantara eramandako hondakin organikoak «degradatuta» bidali zirela leporatu zien. Argazki bat jarri zuten froga gisa, noiz eta zein herritako hondakinei aterea zen zehaztu gabe. GHK-k atez ateko zabor bilketa abian duten hiru herri hauetako teknikari bakar batekin ere hitz egin gabe egin zuen ustezko azterketa hori.

Beste behin ere, atez atekoaren aurka zabaldutako usteak argitzeko, prentsaurrekoan hitz egin zuten Oiartzun, Hernani eta Usurbilgo udal ordezkariek. Aitor Etxeberria Oiartzungo alkateak GHKri eskaria egin zion, interes politikoetatik kanpo den enpresa batek azter dezala atez ateko sistemarekin bildutako hondakin organikoen kalitatea.

Organikoaren kalitatea

Hiru udalak biltzen dituen Garbitania entitateko ingurumen teknikari Jon Kortajarenak hiru herrietan bildutako organikoaren kalitatea eta Azpeitiko Lapatx plantaren funtzionamenduaren gainean egindako ikerketa aurkeztu zuen atzo. Kalitateari dagokionez, GHK-ren datuetan oinarrituta, Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo organikoari 10 hilabetetan egindako 28 kontrolen emaitzak atera zituen teknikariak; gehienetan hondakin organikoak zekartzan inpropioak %2 baino gutxiago ziren eta gehien zuen kasuetan ez zen %5era iristen. Emaitzak, beraz, «bikainak» direla esan zuen. Oiartzun, Hernani eta Usurbilen bildutako lehengai organikoa «kalitate oso onekoa» dela berretsi zuen Kortajarenak, «azterketa tekniko guztiek hala adierazten dutelako». Modu honetan, GHK-k egindako akusazioa erabat gezurtatu nahi izan zuen.

Garbitaniako teknikariak zalantzan jarri zuena bio-hondakinak konpostatzeko Lapatxeko plantaren gaitasuna izan zen. Plantaren funtzionamendua aztertu ondoren prozesuan ematen diren arazoak «nabariak» direla azpimaratu zuen eta plantan organikoari eman zaion tratamentuak «ingurumenean ere inpaktua» duela. Gainera, Azpeitiako konposta planta honek jasotzen dituen organiko tona guztiak tratatzeko gaitasunik ez duela ere azaldu zuen. Izan ere, GHK-k dio hilabetean 208 tona trata daitezkeela; kontsortzioaren datuen arabera 2010eko irailean 440 tona sartu ziren.

Agerraldian Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak kontsortzioa egiten ari dena «lan on» bati zigor politiko eta ekonomikoa jartzea dela esan zuen. «Kontsortzioa herritarrei beren lana ez direla ongi egiten ari esaten ari da; guk zoriondu egin nahi ditugu», esan zuen.

Imanol Azpiroz Usurbilgo zinegotziak, bestalde, atez ateko bilketarekin erraustegirik gabeko hondakin kudeaketa posible dela erakutsi dutela aldarrikatu zuen. Horregatik, politikoki, ekonomikoki zein komunikabideen bidez «ardurazko jokabidea zigortzea» ez dutela onartzen esan zuen.

beitialarrangoitia:

«Herritarrak nahastu egin nahi dituzte, atez atekoaren aukera zapuztu, lortzen dituen zenbakien aurrean honen irudia zikindu eta herritarrek egunero bere gain hartzen duten ardura hori ere iraindu».

imanol azpiroz:

«Aldundiak eta Kontsortzioak ez digute guri utzi nahi gure organikoa tratatzen, ziur direlako ongi egingo dugula. Asmoa da errefusa kopuru handietan mantentzea, eta erraustegiarentzat jatekoa gordetzea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo