GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mobilizazioak Lapurdiko herrietan, AHTren bide berriaren lanetako lur zundaketak oztopatzeko

A.B. | BAIONA

AHTren lanak egiteko bidean, lur zundaketak hastear dira Lapurdiko zenbait herritan. Atzo, Uztaritzeko Arruntza auzora joatekotan ziren zundaketa lanak egiteaz arduratuko den Fundasol enpresako ordezkariak.

Eta, horiek oztopatzeko, bertako herritarrak, CADE kolektiboko ordezkariak eta laborariak elkartu ziren Arruntzako Andre De Carennen etxean.

Orotara, laurogei bat ziren, eta, «AHT linea berriari ez» aldarrikapena zeraman pankartarekin Fundasol enpresako ordezkariak noiz agertuko zain egon ziren.

«Nire etxetik ehun metrora biaduktu bat eraikitzekotan dira, zundaketak nire etxetik hamar metrora egingo dituzte», argitu zuen herritarrak.

Urruñako mobilizazioa

Hamarrak ziren bertan elkartu zirelarik guztiak, baina, aurreko asteartean, Urruñan gertatu bezala, Fundasol enpresako langileak ez ziren agertu obren gunean.

«Herriko etxearen bidez jakin dut gaur etortzekoak zirela. Zundaketak egitekotan diren lur eremua Udalarena da», gehitu zuen Andre De Carennek.

Bertan zeudenen artean, trazatuak zuzenean kalteak eragingo dizkion Marc Lafitte uztariztarra zegoen. «Egungo trazatuaren arabera, nire etxearen azpitik pasatuko da trena. Jakinarazi zidaten Fundasoleko ordezkariak etorriko zirela etxera. Justizia idazkariarekin etorri ziren eta sarrera ukatu nien», azaldu zuen. Joan den asteartean, beraz, atzo Uztaritzen egindakoaren gisako ekintza burutu zen.

Traktoreak lagun zituztela, dozenaka herritarrek Azkaineko bidea itxi zuten, Fundasolen kamioiei pasatzea eragozteko. Goiz osoan egon ziren bertan langileen bisita itxaroten. Baina, azkenik ez ziren agertu.

Lur zundaketak abiatuak dituzte Lapurdiko hainbat herritan, baina egitasmo horren aurkako elkarte eta herritarrak antolatzen hasiak dira. Eta, zundaketak izango diren herri gehienetan mobilizazioak egiteko asmoa azaldu dute. Ondoko astean Azkainera hurbiltzeko deia zabaldu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo