Klasikoak, egungo artistak eta lehiaketak, Victoria Eugeniako 2011ko egitarauan
GARA | DONOSTIA
Urtea amaitzear dagoela-eta, Donostiako Victoria Eugenia antzokiak 2011ko lehen hiruhilekoan eskainiko duen arte eszenikoen programazioa antolatua du jadanik. Atzo iragarri zutenez, dantza, antzerkia, zinema eta musika eskaintza zabala izango da, nahiz eta musika arloa izango den oparoena.
Alde batetik, Aida Gomezek, 2004ko Estatu espainoleko Dantza Sari Nazionalak, “Carmen” ikuskizunaren bertsio berri bat eskainiko du (urtarrilaren 29an eta 30ean) Jose Huertas eta Christian Lozanorekin batera. Emilio Sagi da eszena-zuzendaria, eta Jose Antonio Rodriguez, berriz, musika-zuzendaria.
Dantza garaikidearekin batera, Indiatik datorren “Bombay Bellywood” eskainiko da martxoaren 20an Bellydance Superstars konpainiaren eskutik. Ikuskizunak dantza tradizionala eta sabel-dantza batzen ditu Indiako beste dantza estilo batzuekin.
Antzerkiari dagokionez, hainbat klasiko txertatu dira ohiko eskaintzara. “El mercader de Venecia”, adibidez, Shakespearen zenbait historia kontatzen ditu. Antzezlan honek tragedia eta komedia ditu nahasian. Marta Hazas, Fernando Conde eta Manuel Regueiro dira Rafael Perez Sierraren bertsio honetako aktoreak, eta otsailaren 18 eta 19an izango dira Donostian.
Beste lan ezagun bat Arthur Millerren “Todos eran mis hijos” eleberriaren moldaketa da. Ikuskizunaren muina pertsonaien arteko loturetan datza, haien sekretu eta ez-egiteetan. Carlos Hipolito, Gloria Muñoz, Fran Perea eta Manuela Velasco dira lan honetako aktoreak eta otsailaren 26an eta 27an ikusi ahal izango da.
Bertakoentzako aukera
Musika arloan, Jazzaldian parte hartzeko aukera eskaintzen diete tokiko taldeei. Izan ere, bertako hamar jazz talde hartuko ditu bere programazioan 2011ko uztailean, hautespen-prozesu baten bitartez aukeratu eta gero. Hautaketa prozesuaren amaierara iristen diren bost taldeek Victoria Eugenia Klubean jardungo dute (urtarrilak 21, 22, 24 eta otsailak 9 eta 16). Bestetik, M-Clan talde famatua Donostian izango da otsailaren 4an.
Bestetik, aski ezaguna den Ainhoa Arteta sopranoa ere Victoria Eugenian izango da datorren martxoaren 11n, Roger Vignoles piano-jotzailearekin batera Schumann, Ives, Copland, Barber eta Granados-en obrak interpretatzen.
Azkenik, dokumental eta film laburren lehiaketa eta jaialdiak ere ospatuko dira. “Dock of the bay-k”, (urtarrilaren 7 eta 9an) zinema dokumentalaren Donostiako IV. erakustaldiak, David Bowie edota The White Stripes moduko artistei buruzko lanak eskainiko ditu. Gainera, Giza eskubideen IX. zinemaldia apirilaren 9tik 15 bitartean egingo dute.
Hiruhileko egitarau honetan sartzen diren emanaldietako sarrerak gaurtik aurrera salgai daude Victoria Eugenian, Antzoki Zaharrean eta Kutxaren ohiko zerbitzuetan.