Estatu espainoleko gutxieneko soldata bidegabea, beste zor bat, langileekikoa
Europako Batzordearen urteko azken bileran Europar Batasuneko estatu eta gobernu buruek euroaren egonkortasuna defenditzeko behar den guztia egiteko konpromisoa agertu zuten, baina Batasuneko zenbait herrialdek jasaten duten zor-krisiari aurre egiteko neurririk adostu gabe. Desadostasunak herrialdeen interesei dagozkie; izan ere, Alemania eta Estatu frantsesa ez daude prest zor publikoa gero eta arazo larriagoa dutenei komeni zaiena egiteko, alegia eurobonuak jaulkitzea. Hartara, egin beharreko konpromiso batek agurtu du 2010. urtea Europar Batasunean.
Zor publikoaz gainera, Estatu espainolari dagokionez, atzo Europako Kontseiluko Gizarte Eskubideetarako Batzordeak gogorarazi zion baduela bestelako zorrik, Estatu espainoleko gutxieneko soldata ez da-eta Europako Gizarte Eskubideen Agiriaren araberakoa, eta «nabarmen bidegabe» eta «oso txikia» dela gaineratu zuen. Prekarietatearen lagin txiki bat baino ez da, antza denez Madrilentzat nahikoa ez dena, dagoeneko onartu dituen eta iragarri dituen neurri murriztaileak ikusita. Langabe, pentsiodun, langile eta herritar gehienekiko zor gero eta handiagoa.