GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Etiketa berria, jokabide zaharra

Aste honetan albiste izan da Antonio Basagoiti Araba, Bizkai eta Gipuzkoako presidenteak asteartean Euskaltzaindiaren egoitzan egin zuen hitzaldia. Edo, hobeto esateko, Euskaltzaindiko egoitzan hitzaldia egin izana. Hitzaldia euskararen aldekoa izan omen zen, baina hori ezin da albistetzat jo, sobera ezaguna baita -eta Basagoitik asteartean berretsi egin zuen- euskararen alde egiteko modu bitxi hori.

Antonio Basagoitik aste honetan erakutsi du gezurrezkoa zela PPk erantsita zuen etiketa. «El Mundo» egunkarian irakurri nuenez, alderdi horretako iturriek esan zuten PPk «gaztelaniaren jagolearen etiketa» zuela, «euskara bigarren lekuan utzita». Baina Basagoiti, Adolfo Dominguezenera bisita egin eta Euskaltzaindiko egoitzara agertu zen etiketa berria paparrean eta irribarre zaharra ezpainetan. Han argi utzi zuen berak eta bere alderdiak ez dutela euskara bigarren mailakotzat jotzen; aitzitik, oso gogokoa dutela, denon ondarea baita, eta transmititzen zuten irudi hori (faltsua, jakina, ia Basagoiti bezain faltsua) eman izanaren errua «besteena» dela. Ez dago esan beharrik «besteak» nor diren.

PPk euskara bigarren lekuan...? Zer, ba...? Zintzotasun pittin bat, mesedez, txepel hori; ez bigarren lekuan ez hamalaugarrenean. PPren lehentasunetan euskarak duen lekua Jaime Mayor Orejaren birraitonaren lehentasunetan zegoen berbera da. Hark euskaraz egitea debekatu zien seme-alabei, gaztelania ondo ikasi eta «aurrera egin zezaten».

Asteartean gezurtatu zuen Basagoitik PPk omen zuen etiketa hori eta ostegunean bere alderdiko parlamentariek -bera tartean-, PSErekin batera, berretsi egin zuten etiketaren faltsua (ia Basagoiti eta Lopez bezain faltsua), Gasteizko Gobernuari Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko eskolei diru laguntzarik ez emateko eskatuz. Horra Basagoitiren euskararekiko konpromisoa, Mayor Orejarenaren eta haren birraitonarenaren parekoa. Baina Parlamentuko eskaera hori ere ezin da albistetzat hartu. Baina bai, beharbada, «ezker abertzalearen alderdi berriari aurre egiteko» («El Pais») Gasteizko Gobernuak eskatu zuen batasun demokratikoaren erakusgarri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo