Etxepare Euskal Institutua eta EITB euskararen sustapenean elkarlanean arituko dira
M. L. | DONOSTIA
Etxepare Euskal Institutuak egiten duen eguneroko lanean «bidaia lagunak» behar ditu, Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak atzo azaldu zuenez: «Gurekin lan egiteko prest daudenak». Hala, bidelagun hori EITB bihurtuko da urtebetez sinatu berri duten lankidetza akordioari esker.
Hitzarmen horrek munduan euskara eta euskal kultura sustatu eta zabaltzeko elkarlanaren oinarriak ezartzen ditu, eta jadanik hasi dira emaitzak ateratzen. Izan ere, Etxepare Institutuak hasi berri duen “Euskara Mundiala” kanpainaren iragarkiak EITBko kanal guztietan emango dira: ETB1-en, ETB2-n, ETBSat-en eta Canal Vasco-n. EITB «euskara eta euskal kulturaren hedapene aktore klabea» dela adierazi zuen Goenagak.
Euskararen eta euskal kulturaren irudi positiboa sustatzeko eta indartzeko beharraren testuinguruan kokatzen da akordio. Hala, euskara eta euskal kultura Estatu espainolean zehar, baita nazioartean ere ezagutarazteko lankidetza esparru bat sortzeko zegoen beharrari erantzuten dio.
Gainera, hitzarmen honek EITBren kateen bidez euskararen eta euskal kulturaren sustapen eta hedapena bultzatzeko kanpainen difusioa ahalbidetzen du. EITBk, gainera, Etxepare Institutuak helburu honekin egiten dituen ekitaldiak zabalduko ditu eta Institutuaren eskura jarriko ditu bere baliabideak Euskal Herritik kanpo egingo diren ekintzetarako; datorren urteko martxoan aurkeztuko den “At” ikuskizuna adibidez, non zuzendaria Fernando Bernues izango den.
Akordioa urtebetez izango da indarrean, eta Euskal Institutuak 118.000 euroko ekarpena egingo du hitzartutako xedeak bultzatu eta lortu ahal izateko.