GARA > Idatzia > Mundua

Errusiak Smolenskeko istripuari buruz egin txostena onartezintzat du Poloniak

Lech Kaczynski presidente poloniarraren eta beste 95 pertsonaren heriotza eragin zuen ezbeharraren inguruan Errusiak prestatu duen ikerketaren zirriborroa «onartezina» dela adierazi du Varsoviak. Esan dutenez, bertan aipatzen diren datu asko egiaztatu gabe daude.

GARA |

Lech Kaczynski presidente poloniarraren eta beste 95 lagunen heriotza eragin zuen hegazkin istripuaren inguruan Estatu arteko Abiazio Batzorde errusiarrak (MAK) egin duen ikerketa-zirriborroa «onartezina» dela adierazi zuen atzo Donald Tusk lehen ministro poloniarrak.

Ezbeharra iragan apirilaren 10ean jazo zen, Smolensk-eko basotik (Errusia) hurbil, eta 96 lagun zendu ziren, horietatik gehienak Poloniako goi-kargu politiko eta militarrak.

«Akatsak, ez aipatutakoak eta Poloniako eskariei positiboki erantzun ez izanak eramaten gaituzte esatera txosten horretatik eratorritako ondorioak ez daudela arrazoituta. Ez da esan nahi ondorioak faltsuak direnik, azterketa bidez baieztatu gabe daudela baizik», zehaztu zuen.

Poloniako Barne Arazoetako Ministerioak 150 orrialdeko txosten bat igorri zuen Errusiara, MAKek urriaren 20an aurkeztutako zirriborroari oharrak gaineratuz. Ministerioak, hala ere, ez zuen nahi izan zuzenketa horien inguruko zehaztapenik eman.

«Hau ez da txosten guztiaren inguruko iritzia, ez gara azken epaia ematen ari. Errusiak bere betebeharretan kale egin duela esaten ari gara, [mota honetako ikerketak arautzen dituen] Chicagoko Konbentzioan aipatzen dena aintzat hartuta», azaldu zuen Poloniako gobernuburuak.

Herrialde honetako agintarien iritziz, autopsia eta analisiei buruz Errusiak igorritako dokumentuak nabarmen desordenatuta daude, eta gainera, identifikazio eta numerazioetan ere hutsegiteak daudela atzeman du Varsoviak.

Adibidez, Kaczynski eta haren emazte Mariaren hilobiek beste gorpu batzuen zatiak eduki ditzakete, hilotzen identifikazio prozesuan hainbat hanka-sartze detektatu direlako, DNA analisiek erakusten dutenez.

Iragan urriaren 20an, Smolenskeko katastrofeari buruzko 200 orrialdeko txostena entregatu zion Errusiak Poloniari, eta 60 eguneko epean erantzun ofiziala eskatu.

Mementoz, ez dute argitu noiz argitaratuko den istripuaren inguruko azken txostena.

Gainera, Poloniako fiskaltzak ez du oraindik Errusiari eskatutako material guztia jaso hilotz guztiak modu formal eta zehatzean identifikatzeko.

Ezbeharra gertatu zenean, 96 pertsona zihoazen hegazkinean. Smolensk hiritik hurbil, lurreratzeko saioa egin zuenean, behe-laino handia zegoen, eta zenbait zuhaitzekin talka egin ondoren, lurra jo zuen aireontziak. Gobernuaren ordezkaritza, Joseph Stalinen aginduz hil zituzten soldadu poloniarrak omentzera zihoan, Katyneko basoetara.

HIPOTESIA

Istripuaren inguruan hipotesi ugari dago. Horietako baten arabera, Kaczynski presidentea izan zen hegazkineko pilotuari presioa egin ziona, eguraldia lagun izan ez arren, lur har zezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo